‘Olentzero badator’ egitasmorako sarrerak ia agortuta daude
Lenbur Fundazioak bigarren urtez antolatu du Olentzero dator! egitasmoa. Pasa den asteburuan izan ziren lehendabiziko saioak eta abenduko asteburu guztietan errepikatuko dituzte, hilaren 22ra arte. Dagoeneko sarrera ia guztiak agortuta daudela esan du Olatz Conde Lenburreko kideak. Hala ere, «abenduaren 21 eta 22rako sarreraren bat» libre dagoela jakinarazi du oraindik.
Egitasmoak arrakasta izan zuen iaz, eta aurten ere bide beretik doala dirudi. Kanpotik jende asko gerturatu da «Aretxabaletatik, Eskoriatzatik, Hernanitik, Villabonatik, Nafarroatik…». Astean zehar ikastetxeentzako saio bereziak ere eskaintzen ari dira «egun hauetan Nanclares de Ocatik ere etorri zaizkigu», zehaztu du Condek.
Saioak 3 eta 9 urte bitarteko haurrei, eta beren gurasoei zuzenduta daude. Tailerra bi zatitan banatuta dago. Mirandaolako burdin museoan ematen diote hasiera ordu eta erdiko saioari. «Ipuin bat kontatuko diegu haurrei lehenengo, eta ondoren, Olentzeroren lanbidearekin lotutako jolasak» ere egiten dituzte. Izan ere, egitasmoaren helburua pedagogikoa ere bada, haurrek ikazkinaren lanbidea gertutik ezagutzeko aukera izango baitute.
Olentzero gertutik ezagutzeko
Museoan olagizon bat agertuko da Olentzeroz galdezka eta haurrek lagundu beharko diote bilatzen. Orduan hasten da bigarren zatia, «Olentzero San Miguel ingurutik jaitsiko da» eta handik burdinolara joango dira. Olentzerok «gaztaina erreak eskainiko dizkie gurasoei, eta haurrek berarekin egoteko aukera izango dute».
Hiru saio daude antolatuta egun bakoitzeko eta ordu gehienak dagoeneko beteta dauden arren, oraindik bada lekuren bat hartzeko aukerarik. Horretarako 943 73 18 95 telefonora deitu daiteke goizeko ordutegian, edo artxiboa@lenbur.com helbidera mezu bat bidali.