San Nikolas errondak Zegama, Legazpi eta Seguran
Bihar San Nikolas eguna da eta, urtero bezala, Zegama, Legazpi eta Segurako haurrak kalera irtengo dira abestera. Zegamarrek eta legazpiarrek gaur abestuko dute eta segurarrek bihar.
Kalera irteten lehenak zegamarrak izango dira. Aitxuri ikastetxeko ikasleek 09:00etatik aurrera abestuko dute. San Nikolas haurrei laguntzen zien gotzain bat izan zenez, ohiturak haurretako bat gotzainez janztea agintzen du. Zegaman bi jantziko dituzte: Uxue Elortza eta Etor Olarte. Etxez etxe eskean ibiliko dira eta bildutako dirua Filipinetara bidaliko dute. Haurrek eurek erabaki dute jasotako dirua bertara bidaltzea.
Legazpiko haurrek, berriz, 17:30etik aurrera abestuko dute. Laubidetik irtengo dira eta San Inazion, Santikutz egoitzan, Santikutz kalean, Kale Nagusian eta Euskal Herria plazan abestuko dute.
Domingo Agirre ikastetxeko, Haztegi ikastolako eta Olazabal institutuko ikasleek abestuko dute, Doinua musika eskolakoek lagunduta. Aurten, Haztegi ikastolan DBH1 ikasten ari den Asier Ureta izango da gotzaina.
Segurako haurrek bihar abestuko dute. 10:00etan irtengo dira arboladitik. Herriko kaleetan San Nikolasen abestia kantatuko dute eta etxeetatik gozokiak, dirua eta fruitu lehorrak botako dizkiete. Seguran urtero 6 urteko haur bat janzten dute obispoz. Aurten Ekain Azurmendi izango da gotzaina.