Euskal Herriko mus txapelketako Gipuzkoako finala Orion izango da, eta ez Seguran
Euskal Herriko mus txapelketa abian da jada. Aurten, lehenengoz, Gipuzkoako finala ez da Seguran jokatuko; Orion baizik. Herri mailako kanporaketa batzuk jokatu dituzte jada, baina gehienak urtarrilean jokatuko dituzte. Ondoren, otsailaren 14an, 15ean eta 16an, herrialde mailako finalak jokatuko dituzte. Bizkaiko finala Lekeition jokatuko dute, Arabakoa Laudion, Nafarroakoa Iruñan, Lapurdikoa Urruñan, Nafarroa Beherekoa Donibane Garazin, Zuberoakoa Urdiñarben eta Gipuzkoakoa Orion. «Oriotarrek finala antolatzea eskatu zuten eta ondo iruditu zaigu Seguratik ateratzea», esan du Xabier Albisu antolatzaile segurarrak. Final nagusia Nafarroa Behereko Heleta herrian egingo dute, martxoaren 8an.