Geobeasain aplikazioa aurkeztu dute
Beasaingo Udaleko merkataritza eta turismo sailak Geobeasain aplikazio informatikoa aurkeztu berri du. “Beasaini buruzko informazio ahalik eta osatuena duen tresna erabilterraza” da, Marimar Zelaia zinegotziak azaldu duenez, dagoeneko erabilgarri dagoen Geobeasain aplikazioa, eta bisitariek nahiz bertakoek Beasaingo “informazioa eskura izan” dezaten sortu dute, batez ere.
Geobeasain, Beasaini buruzko informazioa georreferentziatuta mapa onteraktibo batean bi edo hiru dimentsiotan dakarren webgunea da. Webgune honen berezitasuna zera da: Interneta duen sakeleko telefonoaren bidez eskura daitekeela bertan agertzen den informazioa. Merkataritza gida, elkarteak, ondarea, ibilbideak, udaleko zerbitzu desberdinen inguruko informazioa, garraioen informazioa eta abar aurkitu daiteke bertan.
Bertan sartzeko herriko denda eta abarretan QR kodea duten kartelak jarriko dituzte, Geobeasainen sartzeko, edo nahiago izanez gero, geobeasain.net orrialdean sartuta ere sar daiteke aplikaziora. Zelaiak azaldu duenez, “udalaren helburuetako bat, plataforma hau eguneratuta egotea eta informazioa osatuta egotea da”, eta horretarako “nork bere zerbitzuaren inguruko informazioa elikatu edo eguneratu beharko du”.