EAJ eta PSEko zinegotziak prentsaurrean, atzo.
Ordiziako EAJ eta PSEko zinegotziek agerraldia egin zuten atzo herrian indarrean den hondakin bilketaren gainean. Ordiziako Udalak egoki ateratzen ez diren hondakinak egunero biltzeari utziko diola eta bilketa sistemaren jarraipen batzordeak osatuko dituela iragarri ondoren; oposizioko kideak zer etorriko den “beldurrez” daudela azaldu zuten.
Atez ateko hondakin bilketa ezarri zenetik birzikatze datuak gorantza joan direla iragarri zuen joan den astean Igor Eguren alkateak. Hain justu ere, birziklatze tasa %76raino iritsi zela nabarmendu zuen. Datu hori, baina, zalantzan jarri zuten atzo iluntzean Jose Migel Santamaria eta Iñaki Dubreuilek; “eztabaidagarria” dela zioten.
Datu hori egiazkotzat jota ere, bilketa sistemak eskatzen duen ahaleginak merezi ote duen galdetu zuten. “Merezi al du esfortzu honek? Intimitatea galtzen da; herritar asko elkarrekin haserretuta daude; ahalegin izugarria da guztiontzat, baina batez ere adinekoentzat; kostu ekonomiko handia dauka… Zertarako?”, esan zuen Santamariak.
Bilketaren gastuak “hirukoiztu” egin direla zirutatu zuten eta ” harrigarritzat” jo zuen datorren urterako udal zerga %1,5 “bakarrik” igotzea. EAJ eta PSEkoek Legazpi jarri zuten eredu gisa eta Ordizian “logikarik ez duen esperipentuarekin” amaitzeko eskatu zuten.
Etxez etxe udalak martxan jarriko duen protokoloaren berri ere eman zuen gutun bidez. Udalean barne mailan jarraipen batzorde bat osatuko dute eta bigarrena, herritarren artean. Auzoz auzo egin diren bilera horiek aprobetxatuko dira jarraipen batzorde horiek sortzeko. Oposiziokoek, ordea, ez dute begi onez ikusi egitasmoa: “Irudipena daukagu hemendik gutxira garai bateko Ekialdeko Alemanian bizi ziren moduan biziko garela: gure auzokoek zelatatzen gaituztela biziko gara. Beldurra ematen du, egia esan”.