Ordiziako Herri Antzokian XX. mendeko arkitektura ondare izendatuko duen plaka jarriko dute bihar
Docomomo Arkitektoen Nazioarteko Fundazioak eta COAVNek (Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak) XX. mendeko arkitektura ondarearen garrantzia nabarmendu nahi dute. Ondare hori ahula dela eta arreta berezia behar duela diote. Era berean, denbora gutxiko ondarea denez eta ugaria denez, administrazioek eta gizarteak balio txikia ematen diotela diote.
Hala, Ordiziako Herri Antzokian plaka bat jarriko dute bihar iluntzeko zazpietan XX. mendeko arkitektura garaikidearen eraikin “paradigmatiko” gisa nabarmenduz. Ordiziako zine-antzokia jasotzen duen eraikina babestu beharra dagoela uste dute.
Gipuzkoan zehar beste hainbat eraikinei ere aitortza bera egin diete aurten Docomomo Fundaziokoek. Donostiako Nautikoko eraikina, Trinitate enparantza, “La Equitativa” etxebizitzak, Arantzazuko basilika, Laborde anaien Andoaingo pabiloia eta Añorgako Cementos Rezolako frontoia, hain zuzen ere.
Domingo Unanueri buruzko hitzaldia
Plaka jarri ondoren Adur Ezenarro ordiziar arkitektoak Herri Antzokia egin zuen Domingo Unanueri buruzko hitzaldia eskainiko du. Ezenarrok Unaneren lana aztertu zuen Victor Mendizabal 2012 beka jasota.