Joseba Tapiak Ataun Aian aurkeztuko du azkeneko diskoa
Euskal Herriko lehen aurkezpena Lazkaon egin ondoren, Joseba Tapiak (Lasarte, Gipuzkoa, 1964) Goierrin jarraituko du Tximela kapitainaren izarrak diskoa aireratzen. Gaur, ostirala, Ataun Aian joko du, 20:00etan, Haitzarri elkartean. Ataungo liburu eta disko azokaren barruko ekitaldia da. Goierriko Hitza-k gaur elkarrizketa atera du. Goierrirekiko lotura eta harremana bereziak izan ditu Tapiak.
ELKARRIZKETA
«Kultura zabaltzen lanean gogor ikusten ditut Goierriko lagunak»
Goierri entzute hutsak barruan «zimikoa» eragiten diola aitortu du Joseba Tapiak (Lasarte, 1964). Amaren aldetik hemengo jatorria du, eta gaztetan asko ibilia da. Ondoren, Xabier Berasaluze Leturia-rekin batera ere askotan jo zuen, trikitia eraldatu zuen Tapia eta Leturia bikoan. Orain, bakarkako lanean murgilduta, seigarren diskoa atera du, Tximela kapitainaren izarrak (Mamia, 2013), 1936ko gerraren zuzeneko testigantzekin. Eta, Goierrin aurkeztu du. Gaur Ataun Aian joko du (Haitzarri elkartea, 20:00etan), eta gaur zortzi Zaldibian.
Nolako lana osatu duzu ‘Tximela kapitainaren izarrak’ diskoan?
Letra zaharrekin kantu berriak sortu ditut, kantutegi berri bat 2013. urterako. Horixe izan da nire meritua, eta harro nagoela esan behar dut. Zorte handia izan dut, bertso hauek jasoak eta argitaratuak zeudelako, erdia behintzat egina neukan. Bertso egituretan daude gehienak, baina badaude librean eta ohikoak ez direnak ere. Zenbaitetan errepikak neronek sortu dizkiet, bertso zatiekin. Bertsoak kantu bihurtzea izan da nire lana, ñabardurak, xehetasunak, tristurak, pozak, estutasunak azpimarratzeko.
Zure seigarren diskoa da. Zer berezitasun du aurrekoetatik?
Nik berezitasuna edo berritasuna letretan aurkitzen dut. Izan liteke letra zahar-zahar bat, baina sekulako berritasuna suposatzen duena niretzat. Adibidez, Eisenhower eta ni bertsoak, Charles Uhalderenak, deskubrimendua izan zen, halako ironia fina daukate… Zer inporta zait noizkoak diren? Karlistenak eta liberalenak izugarri ederrak iruditzen zaizkit, are zaharragoak izanagatik. Halako piezak kantatu ahal izatea, nik behintzat, gauza berezitzat hartzen dut. Nik esango nuke ildo nagusi horrek naramala hunkitzen nauten letrak kantatzera. Nolabait esateko, neronen tradizioa aberasten saiatzen naiz beti.
Nor zen Tximela kapitaina?
Erromerietan ibili behar zuen sasoian altxamendu faxistari aurre egitera apuntatu zen Tolosako gazte bat, Luis Rezola izenekoa, Tximelatarren familiakoa. Hilabeteren buruan kapitain izendatu zuten, 22 urte zituela. 1937ko abuztuan Duesoko espetxera eraman zuten, beste askorekin. Bizi arteko zigorra eman zioten, baina larri ibili zen, berak uste zuen fusilatu egingo zutela. Kartzelan zegoela idatzi egin zuen, eta lekukotza garrantzitsu bat utzi zigun. Deskubrimendu bat izan zen hau ere niretzat.
Zerk erakarri zaitu haren historiatik edo kontakizunetatik?
Erresistentzian sartu zen, gudari. Ofizial gazteenetakoa izan zen. Bizkaiko mendietan ibili zen tropen buru; aurrera, atzera, eraso, kanoikaden eta hegazkin alemanen bonbapean. Espetxean borrokan jarraitu zuen lagunak animatzen eta bizipenak bertsoaren sentimenduz goxatzen. Gure historia zati bat kontatu zuen, bera ere protagonista zen kontzientziarekin. Protagonista xume bat, normalean zuloan amaitzen duten horietakoa. Bada zerbait!
Diskoaren lehen aurkezpena Lazkaon egin duzu. Arrazoi jakinen bat?
Lagunak ditut Goierrin, eta hori izan da arrazoi nagusia. Babes handia ematen didate Goierriko lagunek. Lanean gogor ikusten ditut kultura zabaltzen. Poza ematen didate, eta esperantza. Neronek eskaini nien aukera eta beraiek eskertu.
Lazkaomendiko Okobio baserriko jatorria duzu. Harremanik edo loturarik mantentzen al duzu Goierrirekin?
Ama dut Goierrikoa, eta lehen hizkera hemengoa jaso nuen. Asko markatu nau inguru honek. Hemen egin nuen nire aurreneko kuadrilka. Lazkaoko festetan kuadrilla eguna egun mundiala izaten zen niretzat. Lehengusuen kuadrillan ibiltzen nintzen, eta liluratu egiten ninduten. Oso integratzaileak ziren, oso helduak. Horrek denak nerabezaroan harrapatu ninduen, eta geroztik barruan zimiko egiten dit Goierri aipatzeak bakarrik.