'Elkartasun saskia' osatzen ari dira Ordizian
Hiri hezitzailea egitasmoaren baitan elkartasun saskia osatzeko ahaleginean aritu dira Ordizian azken egunotan. Udala, Zuhaizti gizarte zentroa eta ikastetxeak aritu dira gehien behar dutenei emateko elikagaiak biltzeko kanpainan buru-belarri; duela hiru urtetik egiten den ekimena da. Caritasi emango dizkiote elikagai guztiak bilketa amaitutakoan; ondoren behar dutenei banatzeko.
Prentsaurrean eman dute egitasmoaren berri gaur goizean. Caritasen izenean Jose Manuel Otegik eskerrak eman dizkie elikagaiak biltzen aritu direnei. Aurten Ordiziako Caritasen egoitzatik 300 lagun baino gehiago pasa direla zehaztu du Otegik. «Ahalegintzen gara janaria, dirua… edo irriparre bat ematen; gutxienez harrera beroa egiten diegu eta bakarrik ez daudela erakusten diegu», esan du Otegik.
Oiangureneko eta Jakintzako batxilergoko ikasleak ere Barrenara gerturatu dira. Ikastetxeetan nolako kanpaina egin duten azaldu dute; bildutako jakiak eman dizkiote Caritasi. Belen Maiza zinegotziak ere eskerrak eman zizkien ikastetxeei ekimenean parte hartzeagatik. «Ikasgeletatik irten eta errealitatearekin topo egiteko balio izango zien ikasleei; erabat aberasgarria da gazteneei solidario izaten erakustea», zioen.
Zuhaizti gizarte zentroan ere egin dute elikagai bilketa. Tabernan bertan dute jarrita dozenaka elikagaiekin osatutako saski erraldoia. Jabier Barandiaran idazkariak azaldu du beste urte batzuetan baino gehiago bildu dutela: «Gure gurasoen baloreak berriro ere ekarri ditugu; gutxi dagoen garaitan banatzen ari gara».