Saharara bidaltzeko janaria bilduko dute Gabon garaian
Legazpiko udaleko Gizarte Zerbitzuetako departamentuak jakinarazi duenez, Gabon garaia igaro arte, herriko dendetan orain arte saski solidariorako jaso dituzten elikagaiak Saharara bidaltzeko bilduko dituzte datozen asteetan.
Udaletik esan dutenez, Legazpiko supermerkatuetan elikagaiak biltzeko aurrera eraman den Gaur niregatik, bihar zuregatik kanpainak «arrakasta handia» izan du eta herriko familien inplikazioa «erabatekoa» izan da. Ondorioz, «elikagaien stock handi bat sortu da» behar gehien duten herriko familientzako saski solidarioak egiteko. Hau horrela, abenduan zehar eta Errege eguna igaro arte biltzen diren elikagaiak «Sahararen aldeko euskal karabanari ematea» erabaki du udalak.
Hare Haizea Sahararen aldeko elkarteak begi onez ikusi du udalaren ekimena. Legazpiko BM, Laubide eta Kale Nagusiko Eroskin eta Todo Todo saltokietan ari dira janaria biltzen, «azukrea, konpresak, pasta, lekaleak eta atuna eta sardinak oliotan» bilduko dituzte aurten Lourdes Lopez Hare Haizeako kideak zehaztu duenez. Udalak jarri ditu kanpainako kartelak eta orgak, eta Hare Haizeko kideen ardura da «egunero saltokietatik pasa eta dagoen janaria jaso eta antolatzea».