Bertso gosez geratu denak, Ordizian du zita hilaren 30ean
Euskal Herriko Txapelketa Nagusia amaitu berritan, jendea oraindik ere bertso gogoz dagoela aprobetxatuz, bertso jaialdia antolatu dute Ordizian Argi Berri Elkartekoek eta Goierriko Bertso Eskolakoek. BECeko finalean izan diren zortzi bertsolariak oholtza gainera igoko dira berriro ere hilaren 30ean Majori Kiroldegian egingo den bertso saioan. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus txapeldun berria, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Igor Elorza, Unai Iturriaga eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak Inaxio Usarralde eta Ainhoa Mujika gai jartzaileen gidaritzapean arituko dira. Iluntzeko 18:00etan hasiko da emanaldia.
Atzo egin zuten prentsaurrean jaialdiaren aurkezpena antolatzaileek. Aitor Calvillo Argi Berri elkarteko lehendakariak azaldu zuenez BECeko bertso finalaren ondoren Ordiziako saioa «bazkalondoko postrea» bezalakoa izango da. Final handiaren ondoren, finalistekin lau urtez behin egiten den saioa da Ordiziakoa. Dagoeneko bertsozaleen artean usadiozkoa dela nabarmendu du Calvillok.
Bertso Eskolaren lana
Agerraldian parte hartu zuen Inaxio Usarralde Bertsozale Elkarteko kideak ere; bera da Majoriko saioko gai jartzaileetako bat, eta Goierriko Bertso Eskolak egiten duen lana nabarmendu nahi izan du. Gaur egun, hain justu ere, hamar talde ari dira bertsotan ikasten bailarako bost herritan. Guztira 65 lagun inguru jasotzen ditu Bertso Eskolak; 9-10 urteko gaztetxoenetatik hasi eta hogeitik gorakoetaraino. Helburu nagusia, bertsotan eginez, ondo pasatzen erakustea dela azpimarratu zuen.
Belen Maiza Ordiziako Udaleko kultura zinegotziak txapelketa nagusiko zortzi finalistak Ordizian izatea «ohorea» dela aitortu zuen. Euskal kulturari, bereziki ahozkotasunean, bertsolaritzak egiten dion ekarpenari arreta jarri nahi izan zion Maizak.
Azken orduan atarian ez gelditzeko, sarrerak garaiz hartzeko gomendioa luzatu zuen Calvillok. Gaurtik aurrera bailarako hainbat herritan erosi ahalko dira, aurrez, 10 euroan eta egunean bertan 12 euroan jarri dituzte Majori Kiroldegian.
Ondorengo hauek dira sarrerak salgai dituzten puntuak: Ordiziako Pottoka taberna, Beasaingo Basakana taberna, Zaldibiako Illati taberna, Lazkaoko Gerriko liburudenda eta Ataungo Troskaeta taberna.