Etxabe autobusak, Zaldibia munduratzen 50 urte
XX. menderako jauzia egin aurretik, Goierrin ohikoa zen herri bakoitza autobus konpainia jakin batekin identifikatzea. Gaiara Zegaman eta Seguran, Sarasola Lazkaon eta Ataunen, Apaolaza Gabirian eta Zumarraga-Urretxun, Gurrutxaga Ormaiztegin… Eta Etxabe Zaldibian. Goierrialdea SL enpresa 1997ko uztailaren lehenean sortu zen arte —Goierri behean ziren autobus enpresa guztiak batu zirenean—, herriaren eta herritarren ikur ziren izendun autobus haiek.
Zaldibiako Etxabe Autobusak SL abian jarri zutela 50 urte bete ziren, larunbatean, abenduak 14. Lau zaldibiarren ekimenez sortu zen, 1963an: Ramon Etxabe, Eugenio Sukia, Pello Arruabarrena eta Pello Sukia.
Lehen bidaia, CAFera
Baimena eskatu, eta paper guztiak eskuratu ondoren, 1963ko abenduaren 14an egin zuen Autobus Etxabek lehenengo bidaia, 07:22an Zaldibiako Tejeritik abiatuta. Larunbata zen orduan ere, baina laneguna. Goiko kalean nahiz behekoan jendea hartu, eta 08:00etarako CAFera iritsi zen.
Zaldibiar askok erabili zuten, urtetan, autobus zerbitzu hura. Geroago, baita Bilorekoek ere. Langileez gain, esnezaleak, baserritarrak, ikasleak eta herritar soilak munduarekin lotzeko baliagarri izan zen.
Ordiziatik hainbat gai herrira eramateko ere baliatzen zuten Etxabe autobusa. Botiken mezulari, adibidez, garai hartan Zaldibian ez baitzegoen farmaziarik.
Zerbitzua asteko zazpi egunetan ematen zuen. Ordutegia lantegi handien sarrera-irteerek baldintzatzen zioten, CAFeko edo Biloreko langileen bezeria ez galtzeko. Ikasleen eta trenen ordutegia ere kontuan izaten zuen.
«Autobus zerbitzu hau zaldibiarrentzat eta Zaldibiako herriarentzat oso baliagarria izan zen. Proiektua martxan jarri zutenekin eta beren senideekin 50. urteurrena partekatu nahi dugu, gure esker ona adieraziz», esan du Zaldibiako Udalak.