Legorretan herri ataria sortu dute, eta Itsasondon udalak webgunea eraberritu du
Legorretako eta Itsasondoko udalek herritarrekin komunikatzeko webgune bana aurkeztu dituzte, egunotan. Itsasondon, ostiralean aurkeztu zuten udal webgune eraberritua (itsasondo.net). Legorretan, berriz, astelehenean erakutsi zuten jende aurrean herri atariaren eta udal web ofizialaren papera aldi berean beteko duen tresna: legorretan.info.
Berritasuna, ildo horretan, Legorretako webguneak dakar. Orain arte udalak ez zuen Interneten gunerik, eta hutsune hori konpontzearekin batera, eskualdeko herri gehiagotan —Zaldibia, Lazkao, Ormaiztegi…— abiarazitako herri atarien formula gehitu dio. Hala, bi zerbitzuak helbide bakarrean emango ditu.
Herriko 14 talde daude, momentuz, legorretan.info-n. Gizarte ekimenekoak (jubilatuak, odol emaileak, hondakinen gaiari buruzkoak), elkarte edo soziedadeak, guraso eta kirol elkarteak, nahiz kulturakoak (dantza taldea, abesbatza) dira kide. Horiez gain, udalaren zazpi lan-taldeek ere txoko bana dute.
Guztiek elikatuko dute informazioz, sarbide bereiztuarekin eta kudeaketa propioarekin. Albisteak zerrenda jarraituan agertuko dira, orrialde nagusian bertan. Elkarte bakoitzak bere txokoa ere badu, webgune beraren barruan.
Legorretako herri ataria agendak, udal albisteen atalak, bideoen bildumak eta argazkien txokoak osatzen dute. Horrez gain, erakunde publikoen webguneetako ohiko edukiak ere baditu: udalaren osaera, araudiak, tramiteak Internetez egiteko aukera, telefonoak, herriari buruzko oinarrizko informazioa… LUA Legorretako Udal Aldizkaria jaisteko aukera ere ematen du.
Itsasondoko gaiak, argiago
Itsasondoko Udalak ostiralean iluntzean aurkeztu zuen udal webgune eraberritua. Aurrekoa «zaharkituta» geratu zela, eta funtzionalitate handiagoa eskaintzen duen Drupal software librearen azkeneko bertsioan oinarritu dute webgune berria.
Herriko informazioa emango du Itsasondokoak ere, «modu argiagoan eta erabilgarriagoan». «Berebiziko garrantzia dauka herriari informazioa zabaltzeko erabiltzen den tresna hau modu atseginean eta ulerterrazean antolatzaea», dio udalak.
Bestetik, herritarren parte-hartzea izango da webguneak erakarri nahi duen arloa. Udal gaiak zabalduko ditu, baita «herri-bizitzan jazotako gertakizunak eta ospakizunak ere». Itsasondoarren iritzia jasotzeko, inkestak eta iradokizunak egiteko baliabideak ere eskainiko ditu.
Webguneko edukien antolamenduari dagokionez, aurrekoaren ildotik jarraituko du. Guneko nabigazioa edo atalen zerrenda ezker aldean kokatu dituzte, goitik beherako menuarekin. Eskuin aldean, berriz, bost lasterbidek beste horrenbeste zerbitzuren ate funtzioa egingo dute.