Salmenta sustatzeko kanpaina berezia Ordizian
Erakuslehio atonduak, zozketak, opariak elkartasun ekimenak… Ordizian merkatari eta ostalari elkarteak Eguberrietarako kanpaina jarri du martxan. Nahiz eta abenduko azken eguna izan salmentarako indartsuenak, abenduaren hasieran ekin zioten kanpainari eta urtarriaren 6a arte luzatuko da; ondoren, merkealdi garaiari emango diote hasiera.
Kaleetako argiek erakusten dute Eguberriak gainean ditugula. Jendearen joan-etorria ere nabarmena da, dendaz denda. Ordizian txartela erabiliz erosketak egiten dituztenen artean 10 gabonetako saski zozkatuko dituzte. Saskiak zuzenean banatuko dituzte erosketak egiten dituztenen artean eta opariak Ordizian fideltasun txartelaren bidez ordainketak egiten dituztenen artean. Sariak abenduaren 20an banatuko dituzte, 18:00etan, D’elikatuz zentroan.
Irudimena, originaltasuna, kalitatea eta ingurumen iraunkortasuna kontuan hartuz denda ugaritako erakuslehioak ere atondu dituzte jendearen arreta bereganatzeko. «Gabon giro atsegina» sortzeko asmoz jarri dute martxan erakuslehio lehiaketa. Iazko parte hartzaileei gehiago batu zaizkie aurten.
Merkataritza solidarioa
Ordizian elkarteak, udalaren laguntzarekin, Etiopia-Utopia elkartearen Zure gabonak bildu kanpainarekin bat egin dute. Helburu nagusia GKE honek bideratzen dituen proiektuetarako dirua lortzea da. Wkron (Etiopia) egiten du lan Etiopia-Utopiak eta Angel Olaran Hernaniko misiolaria aritzen da bertan. Hango familien oinarrizko beharrak babesten eta osasun, hezkuntza, elikagai edo kirol ekintzak antolatzen ere aritzen dira.
Kale Nagusiko 25.ean dagoen lokalean gabonetako erosketak oparitarako bilduko dituzte euro baten truke. Bildutako dirua erakundera bideratuko da. Hainbat produktu ere jarri dituzte salgai: arropa, liburuak, egutegiak edo CDak esate baterako.
Abenduaren 24an egingo den Eguberrietako azoka bereziarekin batera, Ordizian elkarteak poltsa ekologikoak emango ditu opari. Zehazki 1.000 poltsa inguru banatuko dituzte 2014ko kale izendegiarekin batera. Gainera, merkatarientzako eta bezeroentzako lehengo informazio buletina ere banatuko dute.