Gabon kutsua nabarmena da azokako postuetan
Urteko azken txanpan gaude, datozen bi feriak asteartez egingo dira eta ikutu berezia izango dutela garbi aurrera daiteke dagoeneko. Datorren astean, gainera, Eguberrietako feria berezia izango da, eta ondorioz, herriko kale eta txoko ugari ezohiko postuek beteko dituzte. Aldiz, plaza barruan, baliteke normalean baino gutxiago izatea; izan ere, asteartea izanik, postu batzutako arduradunek beren astearteko azokara joateari eutsiko diote, hala nola Beasainera, Villabonara edota Azpeitiara. Beste batzuk berriz, oporrak hartuko dituzte; Azkoitiako Uzinek eta Errezilgo Aizpuruak, esaterako, atzokoarekin egin dituzte garai honi dagokionak. Udaberrian hasiko da azkoitiarra, tomate denboraldiarekin batera; errezildarra berriz udan, sagarrak hasi orduko.
Gainerakoan gabon edergailu bihurtu diren lore, landare eta izeien aukera polita ikusi ditugu postu askotan: Mihura eta erratza sortak, izei gorria eta normandiarra, pazko loreak eta jazintoak. Azken hauek gabonetan loratu daitezen propio aurreratu araziak; natural etortzen ikusi nahi ditugunok, oraindik pazientzia beharko dugu.
Arkumeak preziorik gorenean
Gabon eta Eguberri egunak hurbiltzen eta egun hauetan etxe askotan aukeratzen den jakia izaten da arkumea. Horren seinale da prezioa ere, izan ere, aste honetan saldutakoak izango baitira preziorik gorena izango dutenak: etxez etxeko bilketari dagokionez 5,28 euroan kiloa, bizirik pisatuta (4,80 + % 10eko BEZa), eta ehunka jasoak izan dira Goierri eta inguruetan. Ordizian saldutako 5ak kiloko 4,5 euro egin dute.
Bertsoen oihartzuna ferian
Igandean jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren oihartzunak Ordiziako feriaraino ere iritsi dira. Andoni Alberdiri entzun diogunez «ikaragarria izan zen, zein baino zein hobeto». Ahoz aho zebilen gaia, igandean bertsolariek erakutsi zuten sortzeko gaitasunak saltzaile eta bezeroen artean hizpide ugari sortu du, aho batez bizitako emozioa azpimarragarri.
- Aste honetako prezioak