Lazkaoko abesbatzek saio ugari egingo dituzte Gabon aurrean
Lazkaon Eguberri giroa kalean barreiatzen ari da. Herriko abesbatzek, koruek eta musika eskolak emanaldi mordoxka bat prestatu dituzte, bakoitzak bere aldetik. Gabonetako kontzertuen egitaraua herenegun hasi zen, berez. Lazkao Txiki musika eskolako helduen koruak kantaldia egin zuen San Prudentzio ermitan.
Musika eskolako ikasleek gaur jarraituko diote egitarauari. Areria kultur gunean Eguberri Kontzertua osatuko dute, 18:30ean hasita. Partaide guztiei bina sarrera emango dizkiete; gainerakoak gaur 17:30ean zinemako leihatilan banatuko dituzte.
Kantaka abesbatzak bihar 20:00etan du kantaldia, San Migel elizan. Jenkisen Mass for peace eta gabon kantak abestuko dituzte. Lazkao abesbatza igandean 11:00etan beneditarren elizan eta Eguberri egunean 12:00etan San Migel parrokian ariko da, mezan.
Gabon arratsaldean ere koruak kalerik kale ibiliko dira, abenduaren 24an. Goizean ikastolako haurrek egingo dute erronda.