San Silbestre, 40 urtez
Beasaingo San Silbestre probak 40 urte beteko ditu aurten, eta urte hauetan antolatzaile lanetan aritu dira Juanjo Ruiz (Beasain, 1958), Markos Zurutuza (Ataun, 1950), Jesus Maria San Pedro (Beasain, 1956) eta Antonio Albiz (Beasain, 1952), Beti-bizi elkarteko kideak. Urte amaiera korrika eginez ospatzeko ideia Paulino Velazquez beasaindarrarena izan zen. Atleta ezaguna zen orduan, besteak beste, Larraiztik San Migelera azkarren joatearen errekorra zuelako, eta oraindik ere hala izaten jarraitzen du.
Beasaingo San Silbestre probak 40 urte beteko ditu aurten, eta urte hauetan antolatzaile lanetan aritu dira Juanjo Ruiz (Beasain, 1958), Markos Zurutuza (Ataun, 1950), Jesus Maria San Pedro (Beasain, 1956) eta Antonio Albiz (Beasain, 1952), Beti-bizi elkarteko kideak.
Urte amaiera korrika eginez ospatzeko ideia Paulino Velazquez beasaindarrarena izan zen. Atleta ezaguna zen orduan, besteak beste, Larraiztik San Migelera azkarren joatearen errekorra zuelako, eta oraindik ere hala izaten jarraitzen du. 1979an sortu zuten Beti Bizi elkartea eta Velazquez elkartean sartu zenean elkartekideei lasterketa hau antolatzea proposatu zien, eta hala hartu zuen ardura Ruizek, Zurutuzak, San Pedrok eta Albizek osatutako laukoteak.
Urte askoan aritu da laukotea Espainia mailan ospe handia hartu duen lasterketa hau prestatzen: Vallecasen (Madril) eta Bartzelonan egiten diren San Silbestre proben ondoren, ezagunenetakoa dela esan dute, eta urte hauetan guztietan gauzak «dezente» aldatu direla.
Argazki zaharrei begira jarriz gero, antolatzaileek partehartzaile kopurua azpimarratu dute: «Hasiera hartan jendeak ez zuen orain adina korrika egiteko ohiturarik; ezberdina zen».
Lasterketa iluntzean egiten zen hasieran, baina, Alai tabernan eskuz egiten zuten sailkapena amaitu arte, urteari agur egiteko etxean zain izaten zituzten familiak. Eta, berandu amaitzen zutelako, eguerdira pasatzea erabaki zuten. Gainera, kanpotik korrika egitera etortzen zen jendeak ere etxera itzuli nahi izaten zuen, eta asko saririk jaso ere egin gabe joan behar izaten zen.
40 urte, hamaika kontu
Sariekin ere badute istoriorik Beasaingo San Silbestre probako antolatzaileek. «Azken urteetan Keniako, Marokoko eta Etiopiako lasterkari ugari etortzen da korrika egitera; gehienak diru-saria irabazteagatik.
Horrela, bada, behin haur bat ikusi genuen irabazlearen kopa eskuan hartuta eta, koparekin zer egiten zuen galdetu genionean, eskuetan zuen patata zorroagatik aldatu ziola esan zigun», azaltzen du laukoteak irribarrez. Horregatik, azken urteetan kopa normaltxeagoak banatu dituztela diote.
Baina, hura ez da urte hauek eman duten pasadizo bakarra. «Helmugara iristen zirenen izenak apuntatzen ari ziren gazte batzuk Masculino (M) eta Femenino (F) jarri ordez, zenbait kasutan Femeninoren ordez Mujer (M) jarri zuten, eta nahikoa komeri ibili genuen gero!», gororatzen dute barrez .
«Loinaz txirrindulari elkartekoek ere laguntzen digute antolakuntzan, eta behin, Curro Gonzalezi irteera pistola-tiro batekin ematea okurritu zitzaion. Euria ari zuen, eta Currori tapatzen ari ziren aterki batekin. Bada, tiroa egin eta aterkia zulatu zuen, nahigabe», gogoratzen dute irribarrez. Lasterketaren izaera ere dezente aldatu da.
Lasterketa herritarrentzat prestatzen dute batez ere, eta horixe bera sumatzen dute faltan: herritarren parte hartzea.
Aldaketen artean, aurten, lehen aldiz, izen-ematea 5 euro ordaindu beharko da. Aurreko urteetan txipa ordaindu beharrik ez bazegoen ere, «jendeak txipa itzultzen ez duelako» aurten kobratzea erabaki dute.
Segidarik gabe
Duela urte batzuk hartu zuen laukoteak lasterketa hau antolatzeari uzteko asmoa, baina, jarraitzeko eskatu zietelako darraite lanean. «Udaletxera joan ginen utzi nahi genuela esanez, baina, mesedez jarraitzeko eskatu ziguten, diru gehiago eman behar baziguten ere, jarraitzeko». Eta jarraitu egin dute, baina, erreleborik balego, eskertuko luketela diote.
Urtero bezala, aurten ere jendetza etortzea espero dute, korrika egiteaz gain, lasterketa ikustera ere jende asko gerturatzen delako inguruko herrietatik. Eginbeharrak amaituta, ondo merezitako deskantsua hartuz bazkaria egingo dute.