Beasaingo EAJ-PNVk eta H1!ek "aurrekontuak ahalbidetzeko gogoa" azaldu du
Beasaingo EAJ-PNVk eta H1!ek prentsaurrekoa egin zuen atzo iluntzean, datorren osteguneko osoko bilkuran onartzekoak diren 2014ko aurrekontuen harira, “aurrekontuak ahalbidetzeko gogoa” azalduz. Aitor Aldasororen esanetan, horretarako, “ezinbestekotzat jotzen dugu, arlo sozial, ekonomiko eta politikoaren esparruan egin ditugun proposamenak aintzakotzat hartzea, hauda, helduen eta langabetuen formakuntza eta euskal herriko zazpi herrialdeetan euskara eta euskal kultura sustatzeko partidak sortzea”.
Bestalde, “egungo egoera ekonomiko zailari irtenbidea eman eta inguruko enpresen konpetitibitatea bermatzeko formakuntza da ezinbesteko tresna” azaldu zuten, “Beasainen dauden 800dik gora langabetuak birziklatu eta lan mundura bultzatzeko”.
Amaitzeko “Nafarroan eta Iparraldean, gure hizkuntza jasaten ari den eskubide urraketa” gogorarazi zuten. “2013an, Beasaingo Udalak utzi egin zion helburu honengatik dirua jartzeari, horrekin adibidez, euskaraz ikasi nahi duten Sakanako gazte nafarrei dirulaguntza kenduaz”.