Taldekako bola txapelketa Olaberrian ebatziko da igandean
Olaberriko udal bolatokian jokatuko da Gipuzkoako Taldekako Bola Txapelketaren bigarren eta azken jardunaldia, igandean. Izena emateko ordutegia goizean 09:30etik 10:30era eta arratsaldean 16:30etik 17:30era izango da. Lehenengo jardunaldia aurreko igandean Hernanin jokatu ondoren, txapela etzi izendatuko dute. Segurako taldea dago lider.
Guztira hamar talde ari dira parte hartzen, seina bolarikoak. Goierrikoak bost dira: Zerain, Legazpiko Danantzako, Gabiriako bi talde eta Segurako Txoritegi. Lehen hiru postuen ondoren, hurrena beste hiru talde goierritar daude, bi punturen aldearekin: Gabiriako Osinalde A, Danantzako eta Zerain.
Hernaniko saioan, bakarkako lanean Jokin Izagirre segurarrak lortu zuen jokorik onena, 48 birla botata. Iaz Segurak irabazi zuen Gipuzkoako txapelketa, taldeka.
Urteko bola lehiaketarik jendetsuena izan ohi da taldekakoa, partaidetzari dagokionez. Hernanin, adibidez, 66 bolarik bota zuten. Bakarkakoan, Izagirreren ondotik, German Gereñu eta Marcos Madina legazpiarrek, eta Jabier Zabaleta gabiriarrak lortu zuten jokorik onena, 47 birlakoa.
Hiru gazteak, goierritarrak
Bestetik, aipagarria da Gabiriako Osinalde B taldeak 18 urtetik beherako bi gazte dituela: Naiara Peñagarikano eta Mikel Mandiola. Taldekako lehiaketa ofizialetik kanpo, Patxi Ormazabal mutikoak ere parte hartu du. Lehiaketako hiru gazteak dira.
Olaberriko bolatean ere, saio ofizial guztietan bezala, probako tiraldia eta balioko zortzi izango ditu bolari bakoitzak. Taldea osatzen duten sei bolariek lortutako birla kopurua batuta, gehien dituena izango da garaile, Hernaniko emaitzari gehitu ondoren.
Sailkapena, lehen jardunaldiaren ondoren:
1. Segura, 256
2. Urnieta, 251
3. CD Hernani, 246
4. Gabiria A, 237
5. Danantzako Legazpi, 236
6. Zerain, 235
7. Ategorrieta, 231
8. Elurtxori, 226
9. Ur-Mia, 177
10. Gabiria B, 148