Idiazabaldarrek San Blas festak ospatuko dituzte bihartik aurrera
Bihar hasiko dira Idiazabalgo San Blas jaiak, eta bihar eta etzi hainbat ekitaldi egongo badira ere eta gainontzekoak hilaren 31tik otsailaren 4ra bitartean dira. Hasteko, bihar, 15:00etan, herri mailako plater tiraketa egingo dute Olaberrian. Ondoren, 17:00etan, Euskal Herriko 8×8 sokatira txapelketako finala jokatuko dute Igarondo pilotalekuan. Gizonezkoen taldeak 640 kilokoak izango dira asko jota eta emakumezkoenak 540 kilokoak.
19:30etik aurrera txistu soinua izango da nagusi. Txistulari ohiek kalejira egingo dute plazatik kiroldegira eta ondoren alardea egongo da Zelaa kiroldegian.
Igandeko ekitaldiei dagokienez, 10:45ean herri krosaren 34. ekitaldia hasiko da. Benjaminek 600 metroko ibilbidea osatuko dute, kimuek 1.100 metrokoa eta haur mailakoek 1.600 metrokoa. Hiru maila hauetan Goierri behekoek bakarrik parte har dezakete.
Gainontzekoen lasterketa 12:00etan hasiko da. Kadeteek 3.200 metro osatuko dituzte eta helduek eta beteranoek 10.300 metro. Lasterketan parte hartzen duten kadete, heldu eta beteranoen artean opariak zozkatuko dituzte. Bestalde, lasterketa bukaten duten haur guztiek domina jasoko dute eta kadeteek, helduek eta beteranoek diploma.
Aurten, gainera, berrikuntzamodura, helduen lasterketan parte hartzen dutenek Ampo lantegiaren erditik igaro beharko dute. Idiazabalgo enpresak 50. urteurrena ospatzen du aurten, eta lehen ekitaldien artean Idiazabalen San Blas jaietan ia ohikoa bihurtu den lasterketarekin bat egin nahi izan dute.
Parte hartu nahi dutenek kirolprobak.com orrian eman dezakete izena. Gaur da azken eguna. Antolatzaileek jendea parte hartzera animatu nahi dute.
Etzi beste bi ekitaldi egongo dira: 17:00etan haur danborrada egingo dute eta 18:30ean futbito txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte.
Festa nagusiak 31n
Idiazabalen ohikoa izaten den moduan, San Blas jaiak bi txanpatan jokatuko dituzte. Lehena asteburu honetan izango da, baina festa nagusiak datorren asteburuan hasiko dira. Hala, hilaren 31tik otsailaren 4ra izango da festen bigarren txanpa.
Etzi goizean autobus geltokia Ampo-Poyameko errotondara eramango dute eta otsailaren 1etik 4ra farmazi ondoko geltokira. Burundesaren autobus geltokia, berriz, Benta-Txikin egongo da.
- Erreportajea: Hiru hamarkada korrika eginez (Gipuzkoako Hitza)