Txakurra eta artzaina Ormaiztegin, 2007ko Arrastoak ferian.
Idiazabalgo gazta bezain ezaguna da Ormaiztegiko txakurra. Esaera zaharren bilduman leku handia egin du Euskal Herrian barrena, eta asko erabili ohi da gaur egun. «Arrapar y pasar». Parera iritsi eta aurrea hartu. Kirol lasterketetan, adibidez, usu esan ohi dute esatariek.
Auzo herriko gazta nondik datorren jakina da. Baina, Ormaiztegiko txakurraren esamoldea? XIX. mendeko Lehen Karlistaldian (1833-1840) egon liteke sorburua, Tomas Zumalakarregi jeneral karlista ormaiztegiarrarengan, hain zuzen. Oier Gorosabelek eibar.org webguneko blogean zabaldu zuen bidea: Eibar aldean «Ormaiztegiko txakurra» deitzen zioten Zumalakarregiri, etsaitzat zutenek.
Karlistaldietan ez da bakarra txakurraren metafora hori. Zenbait ikertzaileren arabera, Prim txakurra esamoldeak ideologia errepublikazalea eta liberala duten herritarrak irudikatzen ditu, Juan Prim jeneral katalanaren eta Espainiako presidentearen parekatzea eginez.
Deskargarko bataila
Beste lotura argirik ez dago Ormaiztegiko txakurraren kontua Zumalakarregiren ibilerei egozteko. Baina Eibarren, nahiz eta Ormaiztegiko txakurra Tomas Zumalakarregi identifikatu, ez zuten ezagutzen «arrapar y pasar» esaera. Bi kontzeptuak noiz eta nork lotu dituen, horixe da gakoa.
Hala ere, eta Ormaiztegiko militarrak Lehen Karlistaldian egin zituen balentriak ikusita, begibistakoa da asoziazioa: dena galduta edukitze ustetik, indarrak berdindu eta irabazi. Askotan egin zuen hori Zumalakarregik, gerrilla erako borroketan edo gerraren beraren estrategian.
Ildo horretatik, Oier Gorosabel ikertzaileak berak Deskargako bataila (Urretxu) ipintzen du gailentzearen adibidearen hipotesitzat. «Kokapenagatik, eta batailaren ezaugarriengatik —horregatik kakotxak—, errezeloa daukat ea ez den hori izango esaera honen jatorri iluna. Gaitza konfirmatzea, baina horra hipotesia», dio Gorosabel eibartarrak.
Argibide gehiagoren faltan, bideragarri izan liteke kontua. Ulergarria behintzat bada Zumalakarregiren, Ormaiztegiko txakurraren eta ‘harrapatu eta pasatu’ kontzeptuaren lotura.
Zumalakarregi eta zakurkeria, Deskargako batailaren adibidea
Tomas Zumalakarregi ormaiztegiarra buru zuten indar karlistak Ordiziako hiribildua hartu nahian zebiltzan, 1835eko maiatzaren azkenean. Gerrilla-ekintzetan bakarrik ez, posizioak konkistatzen ere bazekiela erakutsi nahi zuen. Baina Ordiziako liberalek eutsi egin zioten erasoari, eta laguntzaren zain gelditu ziren, setiatuta.
Ordiziaren salbaziora hiriburuetako tropa liberalak hurreratu ziren: Gaspar Jauregi ‘Artzaia’ urretxuarra Donostiatik Tolosara, Espartero Bizkaitik Bergarara eta Valdes Arrasaten zegoen. Zumalakarregik taldeak bidali zituen norabide horietan, kontraerasoari euts ziezaioten eta Ordizia hartzeko lain asti izan zezan. Ekainaren 2an, Espartero Deskargan kokatu zen, bereen borroka-dei orokorraren zain. Beste liberalek zirkinik egin ez zutenez, eta ekaitza lehertu zuenez, Bergarara erretiratzea erabaki zuen.
Zumalakarregik bidalitako Eraso buruzagiaren taldea inguruan errekonozimenduan zebilen, eta Deskargako kanpaleku liberaleraino sartu zen ustekabean. Liberalek uste izan zuten karlisten eraso gogor bat zela, eta Bergararako itzulera desastre huts bihurtu zuen izuak. Karlista talde txiki batek 2.000 liberal menderatu zituen. Beldurrez, Espartero Bilbora bildu zen, Valdes Iruñera eta Jauregi Donostiara. Gainontzekoa ‘txakurrarentzat’ geratu zen.