Sevillako Cajasol Cienciasen aurka jokatuko du Ampo Ordiziak bihar Altamiran
Ligako hamairugarren jardunaldiari helduko dio bihar Ampo Ordiziak Altamiran. Arratsaldeko lauetan hasita, Sevillako Cajasol Ciencias taldearen aurka arituko dira. Errege Kopako partiden ondoren, ligako txapelketari dagokion norgehiagoka izango da.
Txapelketaren amaiera gerturatzen ari dela eta, estutzen hasteko garaia iritsi zaie goierritarrei. Sevillako taldea sailkapeneko azken postuan den arren, partidetan “dena” ematen dutela ohartarazi dute Ordizia Rugby Elkartekoek; “ziurrenik ustekabe bat baino gehiago emango dute”, diote. Joaneko partidan Ampo Ordiziak justu-justu irabazi zuen, 18-24 emaitzarekin. “Horregatik, konfidantza aldageletan utzi beharko dute Santos Regil eta Phil Huxforden mutilek”, diote klubetik. Sevillarrek gainera, ez dute Errege Koparik jokatu, beraz, ia hilabete izan duten indarrak hartzeko. Abenduaren amaieran jokatu zen azken jardunaldian Santboianari irabazi zioten.
Ordiziarren artean Jon Ander Crende eta Patxi Muller ia baja ziurrak izango da. Lehenak eskubiko eskuko hatz batean haustura du; eta bigarrenak, zuntz haustura izterrean. Beste hainbat jokalarirekin ere zalantzak dituzte.