Hondakinak kontrolik gabe kalean uzteagatik arau-hauste espedienteak abiaraziko ditu Sasietak Ordizian
Atez ateko hondakin bilketa martxan jarri zenetik sei hilabete pasa direnean, birziklatze datu baikorrak jaso dituzte Ordizian: gaikako bilketa %78ra iritsi zen abenduan. Edonola ere, badira oraindik bilketa berrira egokitu ez eta etxeko hondakinak poltsetan bereiztu gabe ateratzen dituztenak.
Egoera hori zuzendu nahian, Sasieta Mankomunitateak eta Ordiziako Udalak hondakinen protokoloa zehaztu zuten orain dela bi hilabete, eta harrezkero ehunka kontsultei eman zaiela erantzuna diote. Bi hilabeteko tarte horretan, gainera, 15 informazio espediente ireki dira “hondakinak kontrolik gabe eremu publikoan uzteagatik”.
Aste honetan hondakinen ordenantzaren arau-hauste espedienteak bideratzen hasiko da Sasieta Mankomunitatea Ordizian. Hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzua arautzen duen Ordenantzako 5. eta 19. artikuluetan xedatutakoaren arabera “debekatuta dago hondakinak kontrolik gabe utzi, isuri edo ezabatzea, bai eta horien kudeaketa zailduko duen edozein nahasketa egitea ere. Erabiltzaileak hondakin horiek Sasieta Mankomunitateak jarritako egutegi, ordutegi eta baldintzen arabera uztera behartuta daude”.
Zerbitzuaren erabiltzaileak derrigortuta daude, beraz, hondakinak bereizita ateratzera, Mankomunitatearen programazioaren bidez publiko egindako argibideak jarraituz. Ordentzantza horretako arauak hausten dituztenen zigorrak Zigor Araubidean xedatutakoaren arabera zehaztuko dira.
“Egiten ari diren ahaleginaz zoriontzeaz gain”, Sasieta Mankomunitateak eta Ordiziako Udalak “arduratsu jokatzeko” deia egin diete herritarrei. Era berean, “egoera borondatez zuzendu eta birziklatze tasa handitzeko helburuarekin, Ordiziako Udalak sentsibilizazio kanpaina berriak abiarazi nahi ditu ikastetxe eta elkarteetan.