Ataungo Udalak bihar jarri beharko du Espainiako bandera
Espainiako bandera ez jartzeko bide judiziala eta denbora agortu ondoren, Ataungo Udalak bihar (ostirala) zintzilikatu beharko du, udaletxean. Kanpoan eta batzar aretoan kokatu beharko dira banderak, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak 39/1981 legea betearazteko udalerri guztiei egindako agindua betez.
Auzitegietan «egin zitezkeen bide guztiak» jorratu dituela azaldu du udalak. Espainiako bandera ez jartzeko ahalegin horretan, “inhabilitazio, jazarpen judizial eta kartzela zigorraren mehatxua” jaso dituela gaineratu du, eta sortu duen kostu ekonomikoa ere “kontuan hartzekoa” izan dela. Espainiako bandera herritarren gehiengoarentzat «arrotza bezain mingarria» dela dio udalak, eta Ataungo udaletxean «euskal herritarron desio eta sentipenei bizkarra emanez, inposaketaren bidean beste pauso bat emanez» jarriko da.
Bihar bertan ikurrinaren alde elkartzeko deia egin du udalak. 18:30ean izango da bilkura, San Martingo plazan. «Geuk geurearen aldarria egitea da dagokigun erantzuna, herri bezala identifikatzen gaituzten ikurren defentsa eginez», azaldu du udalak agiri batean.
Bestetik, herritarrei etxeko leihora edo balkoira ikurrina ateratzeko eskatu die, larunbatetik aurrera.
Igandean, azkenik, Jentilbaratzera ibilaldia egingo dute, San Martingo plazatik 10:00etan abiatuta. Ikurrina eta Nafarroako ikurra kokatuko dituzte Jentilbaratzeko harkaitzaren gailurrean.