Zaldibiako saneamendua Ordiziakoarekin lotzeko lana lehiaketara atera du aldundiak
Zaldibiako hondakin uren saneamendu sarea Goierriko hoditeria nagusiarekin lotzeko lanak emateko deialdia egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ordiziako saneamendu sarearekin lotuko dute, handik Legorretako araztegira bideratzeko. Orain arte Zaldibiako herriak bere araztegia zeukan, herri barrenean.
Lanen kostua guztira 852.588,61 eurokoa da, lehiaketako lizitazio oinarriaren arabera (682.070 euro eta horri dagokion %21eko BEZa). Eraikitzaile enpresek otsailaren 18ra arteko epea daukate proposamenak aurkezteko. Ondoren, behin lanen egilea izendatutakoan, bost hilabetekoa da egiteko epea.