
Ordizia eta gazta, aspalditik elkarrekin doazen hitzak dira, Idiazabal aparte utzi gabe, noski. Izan ere, feria honetan giltzarritzat har daiteken produktua da Idiazabal jatorrizko izendapeneko gazta. Honen inguruan hainbat jarduera ezberdin egiten dira: hala nola Artzain Eguna (aurten apirilaren 23an) edota euskal jaietan egiten den lehiaketa ( aurten irailaren 10ean).
Asteroko erosleak, hala ere, ez dio jatorrizko izenari halako garrantziarik ematen, gustuari baizik. «Gure bezeroek ez diote etiketari erreparatzen, artzain gazta izan behar du, hori bai, baina probatzeko eraman eta gustatzen bazaie, harekin segiko dute, etiketa izan ala ez» adierazi digu Ixiar Etxeberriak. Oso gustora azaldu da Ordiziako asteazkeneroko salmentekin: «niretzat oso feria ona da hau; horrelako besteren bat ere sinatuko nuke» zioen umorez.
Garaian garaikoa erosteko joera omen du gazta-jaleak, «berria hasten denean berria saldu ohi da gehien, probatzeko irrika hori izaten da. Hala ere, badaude noiz nahi dela ere, fuertegoa nahiago dutenak; baina normalean garaian garaikoak hartzen du indarra». Oraindik ez dira hasi artzain guztiak gazta berria egiten; datorren astean edo hamabost egun barru izango omen dute Axun Etxeberriak edo Arramendikoek, izan ere, egin eta bi hilabetez ontzen utzi behar izaten baita saldu aurretik.
Prezioari dagokionez azken urteekiko oso antzera mantentzen da; 16 eta 18 euroan dago ardi gazta berriaren kiloa. Gainerakoei dagokionean, ardi gazta zaharra 17 eta 22 artean ikusi dugu, zenbat eta zaharrago, orduan eta garestiago. Behi esnez egina 10 eta 13 euro artean, eta behi eta ardi esnea nahastuta egindakoa, 11,5 eta 14 euro artean daude. Ahuntz gazta, berriz, gehiena kanpokoa da: Errioxako Camerosekoa, Extremadura edota Burgosekoa nagusiki (12,5 eta 16,5 artean). Hemengoa, Aldaba Zaharreko Salba Kuadradok izaten du, kiloa 22 euroan; berria beranduxeago hasiko du, ohikoa denez.
Krabelinak eta primizia loreak
Beti deigarri suertatzen dira krabelinak eta primizia loreak; eta zenbat eta aukera handiagoa izan, orduan eta koloretsuagoa. Lehendabizikoak iritsi dira azokara, eta atzo ere, arreta emateko modukoak ziren Aramako Urretabizkaiak bere postuan, 2,50 euroan salgai bakoitza, baita margarita antzeko primizia izenekoak ere, bakoitza 2 euroan.