Gipuzkoa mailako igeriketa egokituko txapelketa etzi izango da Legazpin
Gipuzkoako VII. Igeriketa Egokituko Txapelketa eta Open-a jokatuko dira bihar arratsaldean Legazpin. Probak Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Gipuzkoako Igeriketa Federazioak antolatu dituzte, Legazpiko udalaren laguntzarekin. Txapelketa Bikuña kiroldegian egingo dute eta 16:45ean emango zaio hasiera.
Kepa Urtzelai Legazpiko alkateak eskerrak eman dizkie Gipuzkoako bi federazioei, gaur goizean egin duten txapelketaren aurkezpenean «Legazpi aukeratzeagatik». Bikuña kiroldegiko instalakuntzak «gisa honetako probak hartzeko egokiak» direla ere gaineratu du, eta gipuzkoarrak, baina bereziki mankomunitateko bizilagunak gonbidatu ditu Legazpin egingo den txapelketara.
Maider Blasco Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol teknikariak aurreratu duenez, «guztira, urritasun ezberdinak dituzten 70 igerilarik» hartuko dute parte etziko txapelketan. Horien artean, 2012ko Londresko Joko Paralinpiarretan parte hartu zuten Richard Oribe eta Ander Romarate ere izango dira Legazpin.