Jon Agirre: "Ampok Amerikan lantegi bat behar du eta edukiko du"
Idiazabalgo Ampokooperatiba 50. urteurrena ospatzen ari da. Jon Agirre (Lazkao, 1971) presidenteak Goierriko enpresa enblematiko honen lehenaz, orainaz eta geroaz hitz egin du. Baita bere karguaren gazi-gozoez ere.
Zer ikasketa egin zenituen?
Gasteizera joan nintzen Ingeniaritza ikastera, baina, familiako gorabeherak medio, ez nuen bukatu. Etxera itzuli nintzen, Goi Mailako Ziklo bat egin nuen eta hizkuntzak ikasi nituen. 21 urterekin hasi nintzen lanean.
Ampon egin al duzu lan ibilbide osoa?
Ia osoa. Enpresa ondo ezagutzen dut, baina ez nahi bezain ondo. Enpresa batek bi esparru ditu: atez barrukoa eta atez kanpokoa. Atez barrukoa nahiko ondo ezagutzen dut, baina gure kasuan atez kanpokoa oso handia da: mundu guztia hartzen du.
Zer diozu zuen enpresaz?
Ampo 50 urte bete dituen enpresa bat da. Euskadin 500 langile ditugu eta Indian beste 200. Mundu mailako egoera zaila da. Arazo asko daude, baina aukerak ere bai. Aukera horiek identifikatzea da kontua. Alde batetik, dibertsifikaziorako prest gaude, produktu berriak egiteko prest. Bestetik, egiten dugun horretan, punta-puntan egon nahi dugu. Itsaso azpiko petrolio eta gas putzuen ustiaketan gaude eta egon nahi dugu.
Zer egiten duzue?
Balbulak eta piezak, batez ere balbuletarako, egiten ditugu. Fundizioan, material bereziekin lan egiten dugu. Material garesti horiek errendimendu altua ematen dute. Balbula munduan ere goi mailakoak egiten ditugu, egoera zailetarako balio dutenak. Material arruntekin lan egiten dutenekin eta balbula arruntak egiten dituztenekin ezin dugu lehiatu.
Mundu osoan saltzen al duzue?
Bai. Egun, Espainiatik harago saldu behar dela esaten da. Guk Espainian %2 bakarrik saltzen dugu. Europan %18 saltzen dugu eta gainontzekoa. Hamarretik zortzi Europatik kanpo saltzen dugu: Amerika, Asia, Australia… Hala, zailagoa da krisiak kolpatzea. Batek kale egiten badu, beste bat dugu.
Zein da zuen merkatu nagusia?
Txina merkatu nagusienetakoa da, bai erosteko eta bai saltzeko. Osagarri batzuk han erosten ditugu eta han saltzen dugu gehien. Instalazio handiak egiten ari dira eta ondo dakite gas planta batean ezin dela edozein gauza jarri. Beraiek oraindik ez dira punta-puntako gauzak egiteko gai eta erosi egiten dituzte.
Munduko petrolio eta gas planta garrantzitsuenetan Idiazabalen egindako piezak aurki daitezke, beraz.
Denetan ez, baina bai gehienetan. Gasa likido egoerara pasatzen dute garraiatu aurretik, hala 600 aldiz gutxiago okupatzen baitu. Baina horretarako -196ºko tenperaturara pasa behar da eta mekanismo guztiek ezin dute tenperatura hori jasan. Gure balbulek tenperatura hori jasan dezakete. Hori oso garrantzitsua da. Bartzelonako aireportu ondoan dagoen gas planta lehertuko balitz, Bartzelona osoa txikituko lukeela esaten dute. Hango tankeak Boeing 747 baten kolpea jasateko prestatuta daude.
Nola lortu duzue Idiazabaldik mundu osora zabaltzea?
Honen guztiaren atzean, lan asko, ilusio asko eta ikerketa asko dago. Ez dugu egun batetik bestera lortu: 50 urte daramatzagu jada lanean. Bestalde, Goierrin egoteak asko lagundu digu. Eskualde honetan ikerketa zentroa, ingeniaritza eskola, lanbide eskola… ditugu. Goierri Eskolak ere 50 urte bete ditu. 50 urte hauetan milaka profesional eman ditu. Ezagutza hori eskualdean erabat integratuta dago jada. Kanpoan ibiltzea asko tokatzen zait eta nazio garatuenen pare gaudela esan dezaket. Hezkuntza oso garrantzitsua da.
50 urte hauetan garai txarrik ezagutu al duzue?
Ez dugu gorabehera handirik izan eta hori gure aurretik egon direnen meritua da. Unerik gogorrena Poyamek ezagutu zuen: kobratu ez zuen lan baten erruz, kiebra jo zuen. Ampo fundizio enpresak elkartasun erakustaldi eder bat egin zuen: Poyam enpresa hartu zuen. 1970eko hamarkada hasieran izan zen hori. Ordutik, ez dugu une larririk bizi izan.
Nolakoa izan zen enpresaren sorrera?
Garai hartako eztabaida kapitalaren banaketaren ingurukoa zen. Inguruko 30 gaztek Arrasaten egiten ari zirenaren antzeko zer edo zer egitea erabaki zuten. Askok euren lanak utzi zituzten Ampo sortzeko. Ausardia ikaragarria eduki zuten.
Ba al duzu enpresa sortu zutenekin harremanik?
Bai. Jaietan pregoia irakurtzea eskaini ziguten eta ohorea enpresako kide ohiekin partekatzea erabaki genuen. Ez dakite ondo zer nolako ondarea sortu zuten. Ampok diru eta ezagutza asko ekarri du Goierrira. Munduko onenak gara balbula jakin batzuk egiten.
Enpresak 50 urte ditu eta zuk dagoeneko 14 daramatzazu presidente karguan. Luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?
Zalantzak ditut. Une oro berrikuntzaz hitz egiten dugu eta, beharbada, karguetan aldaketak egotea komeniko litzateke. Baina, bestetik, neure burua indartsu ikusten dut. Gazteen esanak aintzat hartzen saiatzen naiz. Etxekoekin erabakiko dut jarraitu edo ez eta gero lankideek erabaki beharko dute nik jarraitzea nahi duten edo ez.
Ohorea al da eskualdeko enpresa garrantzitsuenetako baten buru izatea?
Bai. Tourra irabazi dugu, baina nik etapa bakarrean egin dut zerbait. Beste batzuk askoz ere gehiago egin dute, baina niri dagokit podiumera igotzea. Kargu honetan une txarrak bizitzea ere tokatzen da eta nire helburua horrek inguruan eraginik ez izatea da: ez familian eta ez lankideekin. Goizero irratian enpresak itxi direla entzutea oso gogorra da. Guri ere toka dakiguke, jator lan egin duten beste batzuei tokatu zaien bezala.
Itxitako enpresez ari zarela, zer diozu Fagorren itxieraz?
Batzuetan egoera zure eskuetan dago eta gaizki kudeatzen duzu. Kasu horietan, erantzukizuna norberarena. da. Beste batzuetan, halabeharrak eramaten zaitu. Hori kudeatzea zailagoa da. Gure eskuetan dauden aldagaiak kontrolatu behar ditugu. Horri dagokionez, Ampo ondo ikusten dut: badakigu non gauden, zertan ari garen, nora joan nahi dugun eta hara joateko zer egin behar dugun. Gainera, Ampok norabidea garaiz aldatu du beti. Kooperatiba askotan ez da hori gertatu. Lankideok lagunak gara eta horrek erabaki sakonak hartzea zaildu egiten du.
Kooperatiben eredua osasuntsu ikusten al duzu?
Ez dago krisian, ezta gutxiago ere. Fagorrena gertatu zenean, kazetariek kooperatiben eredua krisian ote dagoen galdetzen zidaten. Nokia ez al da erori? Fagor baino askoz handiagoa da, liderra da, marka garatua du, punta-puntako teknologia du, Eskandinaviakoa da… Norberak egiten duenaz gain, konpetentziak egiten duenak ere eragina du.
Zabalkundea eta haztea ere kritikatu dituzte.
Kudeaketa kontua da. Globalizaziotik batzuk indartuta atera dira eta besteak hondamendira joan dira. Hartzen ditugun erabakiek eramango gaituzte toki batera edo bestera. Ampok ezin du Txina gelditu. Ezin dugu Txinaren norabidea milimetro erdi ere mugitu. Egoera berri horren aurrean posizionatzen jakin behar dugu. Txinara joatea edo Txinatik aldentzea komeni zaigun aztertu behar dugu. Garrantzitsuena ez da enpresa handia edo txikia izatea, baizik eta egoera bakoitzean ondo posizionatzen jakitea. Bestalde, salto mortala ez bazaizu ateratzen, ez zaitez saiatu doblea egiten. Globalizazioaren fenomenoak etxekoa ondo menderatuta eduki gabe kanpora joatera eraman gaitu.
Zuek Indian tailerra irekitzea erabaki zenuten. Zergatik?
Bezerotik gertu egotea oso garrantzitsua da, bere beharrak ase behar baititugu. Bezeroak 30 goi mailako balbula eta 70 balbula arrunt eskatzen badizkigu, hori eman behar diogu. Bestela beste hornitzaile bat bilatuko du. Eta balbula arruntak egiteko, kanpora joan beharra dugu. 70 balbula horiek Indian egiteari esker, Euskal Herrian 30 egin ahal izan ditugu. Faktore ezberdinak aztertu ondoren (gure hornitzaileak non dauden, ezagutza maila, ohiturak, komunikazio gaitasuna…), India gure bigarren hanka izatea erabaki genuen.
Hirugarren hankarik izango al duzue?
Bai. Ez dugu presarik, baina tokatuko da. Amerikan beste hanka bat behar dugu eta edukiko dugu. Mexikon edo Brasilen, seguru aski. Konponketa tailerrak, berriz, toki askotan ditugu.
Munduan adar asko dituzue, baina sustraiak Goierrin.
Goierrirekin eta Idiazabalekin erabat lotuta gaude. Ez diot ona denik, baina gure ereduari buruzko hitzaldietan Goierrin oso errotuta gaudela aurpegiratzen didate. Goierritarrok bertakoak izateaz harro gaude eta, nik behintzat, ez dut aldatzeko asmorik. Horrek ez du esan nahi beste toki batzuetara joan behar ez denik, baina Ampo Idiazabalen dago eta hala jarraitu beharko luke. Instituzioekin oso harreman onak ditugu, zorionez.
Eskualdeari egiten diozuen ekarpena handia da. Ez ekonomikoa bakarrik.
Kultur eta kirol ekitaldiak laguntzen ditugu. Proiekzioa izan dezaketen egitasmoak laguntzen saiatzen gara. Ampo kirol ekintzekin lotzen da askotan, baina kulturari babes handia ematen diogu: Goierriko euskara elkarteekin harremana dugu, Idiazabalgo Aldaize aldizkaria, Trikitixa Elkartea eta Bertsozale Elkartea babesten ditugu…
Zuen babestu nagusia Ordiziako errugbi taldea da.
Ez genuen elite kirola bultzatu nahi. Herri ezberdinetan proiektu txiki ezberdinak bultzatzea erabaki genuen. Ampo Ordiziak Kopa irabazi du, baina dagoeneko 10 urte daramatzagu taldea babesten eta hasierako urtetan helburua ez zen tituluak irabaztea. Klubean jende jator eta langilea zegoen, bide luzea zuen egitasmo bat zen, neska-mutiko asko zituzten… Egitasmo horrek ilusionatu egin gintuen eta, zailtasun ekonomikoak gaindituz gero, fruituak emango zituela ikusi genuen. Julen Goia idiazabaldarra Frantziako ligan jokatzen ari da, Top 14an. Duela 10 urte Goierrik errugbi jokalari bat Frantziara esportatu behar zuela esan izan baligute, ez genuke sinetsiko. Publizitate aldetik ere fruituak eman ditu. Batzuek Ampo Ordizian dagoela uste dute.
Idiazabaldarrak Ampoz harro al daude?
Herri batentzat halako enpresa bat edukitzea ondarea da. Ez ekonomikoki bakarrik. Baita ezagutza aldetik ere. Idiazabaldarrak Ampoz harro daudela uste dut. Gainera, sortzaile askoren ondorengoek hemen lan egiten dute.
Ampo gizona al zara? Zure burua luzaroan ikusten al duzu hemen?
Bai, baina kanpoan bizpahiru urteko egonaldi bat egiteko gogoa dut aspalditik.
Zer egiten duzu deskonektatzeko?
Kirola egiten dut. Txirrindularitza, mendia, eskia… Irakurtzea ere gustatzen zait. Ez naiz telebista zalea. Nire bizitza guztian hamar pelikula ez nituen ikusiko.
Idiazabalgo krosean parte hartu al zenuen?
Bai, baina ez ninduen inork ikusi: balbularen barruan joan nintzen. Urteurreneko ekintzak gure izaeraren isla izatea nahi dugu: jendearekin partekatuko ditugu. Ez dira ekintza erraldoiak izango, baina jende askok gozatu ahal izango ditu. Krosaren antolatzaileei lasterketa fabrika barrutik pasatzea proposatu genien eta ondo iruditu zitzaien. Ampo herritarrei gerturatzeko, berriz, enpresako bi langilek balbulaz eta kutxaraz mozorrotuta korrika egitea erabaki genuen.
Zer diozu urteurreneko ekitaldiez?
Ez dugu dena zehaztuta oraindik. Hamar talde sortu ditugu eta hamar erantzun ezberdin emango dituzte. Bakoitzak esparru bat hartuko du aintzat: gizartea, instituzioak, bezeroak, hornitzaileak, Idiazabalgo herria, enpresako jubilatuak… Inguruko herrietako taldeekin lan egiteko asmoa ere badugu.
Zer edo zer aurreratu al dezakezu?
Gazta munduarekin zer edo zer egingo dugu eta sormenari buruzko hitzaldi bat prestatzen ari gara. Ez ditugu zortzi zientifiko ekarriko. Berrikuntza ikuspuntu ezberdinetatik enfokatuko dugu. Sukaldari ospetsu bat ekarriko dugu, adibidez. Bestalde, mundu osoko bezero eta hornitzaileak ekarriko ditugu eta Indiako lantegian ere ekitaldiak antolatuko ditugu. Kriketean jokatzen ikasi behar dugu eta herri bazkari bat egingo dugu. Gainera, lima fabrikaren bulegoak hartzen zituen etxea berritzen ari gara.
Zer egin behar duzue bertan?
Sorkuntzaren Etxea deituko diogu. Hausnarketarako gunea izango da, museo bat edukiko du eta bezeroak hartzeko balioko digu. Naturak ere bere tokia izango du: baratze txiki bat jartzeko asmoa du. Googlek-eta badituzte halakoak. Kataluniako arkitekto oso ospetsu bat ari da etxea berritzen: Enric Ruiz Geli. Berak egindako eraikin bat, Bartzelonako Media-Tic, munduko onena izendatu zuten 2011n. Gurea uztailean inauguratuko dugu, seguru aski. Eraikin zoragarria da: Txindoki eta Aizkorri ikusten dira, eguzkitsua da, handia…
Zer edo zer gehiago aipatu nahi al duzu?
Bai. Gure ametsetako bat Goierriko talde politiko ezberdinek ildo bat adostea da. Goierrin bi indar nagusi daude eta baten esku gaudenean alde batera jotzen da eta bestearen esku gaudenean bestera. Horrek izugarri zailtzen du eskualdearen garapena. Atez atekoaren ingurukoa aspaldi honetako eztabaida nagusia izan da eta adibide bezala balio du: alderdiek erabaki bat adostu behar lukete, lau urtero kentzen eta jartzen ez ibiltzeko. Batek zuria nahi badu eta besteak beltza, gris bat aukeratu beharko dute eta hortik ez mugitzeko konpromisoa hartu. Orain jarri eta gero kentzeak, laugarren mundura eramango gaitu.













