![igeriketa-egokitua](http://goierri.hitza.eus/site/files/2014/02/igeriketa-egokitua.jpg)
Gipuzkoako Igeriketa Egokituko VII. Txapelketa eta ‘Open’-a jokatzen ari dira 16:45az geroztik Legazpiko Bikuña kiroldegian. Jende ugari bildu da bertara parte hartzaileak animatu eta giroaz gozatzera. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Gipuzkoako Igeriketa Federazioak, Legazpiko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimena da. Urritasun ezberdinak dituzten 70 igerilari ari dira bi probetan parte hartzen.
Gipuzkoako txapelketan Dordoka, Konporta, Atzegi eta Berdin-Berdinak taldeetako igerilari gipuzkoarrak ari dira parte hartzen. Open-ean, aldiz, aipatutakoez gain, Arabako Apdema eta Bizkaiko Uribe Kosta taldeetako igerilariak ere ari dira parte hartzen.
Adimen urritasuna duten Legazpiko Igeriketa taldeko kideak ere, hasiera batean parte hartzekoak baziren ere, azkenean ez da herriko ordezkaritzarik izan txapelketetan. Aipatzekoen artean, esan, 2012an Londresko Joko Paralinpiarretan parte hartu zuten Richard Oribe eta Ander Romarate gipuzkoarrak daudela gaur Legazpin. Oribek zilarrezko eta brontzezko dominak irabazi zituen proba ezberdinetan eta Romaratek, berriz, diploma paralinpiarra lortu zuen.
Sari banaketa ekitaldia 19:30 inguruan egingo dutela aurreikusi dute antolatzaileek. Ordu horretatik aurrera
gkef-fgda.org web gunean izango dituzue irabazle guztien zerrendak. Hiruna sari banatuko dituzte Gipuzkoako Txapelketan, gizonezkoen eta emakumezkoen sailen artean. Open-ean, bosna sari izango dira sail bakoitzeko.