Etorkinei herria ezagutzeko eta babesa emateko Harrera Plana landuko dute
Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetasun mahaiak datozen hilabeteetarako ekintza plana zehaztu berri du. Bi izango dira aurrera begirako lanean helburu nagusiak: batetik, Harrera Plana deitu diotena garatzea; eta bestetik, iazko bideari jarraituz, herriko kultur aniztasuna bizilagunen artean ezagutzera emateko ekintzak antolatzen jarraitzea. Iñaki Arriaran Urretxuko gizarte langileak eta mahaiko kideak azaldu duenez, «datozen hilabeteetarako ekintza plana» zehaztu dute dagoeneko.
Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetasun mahaiak datozen hilabeteetarako ekintza plana zehaztu berri du. Bi izango dira aurrera begirako lanean helburu nagusiak: batetik, Harrera Plana deitu diotena garatzea; eta bestetik, iazko bideari jarraituz, herriko kultur aniztasuna bizilagunen artean ezagutzera emateko ekintzak antolatzen jarraitzea.
Iñaki Arriaran Urretxuko gizarte langileak eta mahaiko kideak azaldu duenez, «datozen hilabeteetarako ekintza plana» zehaztu dute dagoeneko. Batetik, irailetik aurrera martxan jarri nahi duten Harrera Planaz eztabaidatu dute. Plan honek «Urretxura bizitzera datozen pertsonei herria ezagutzeko bidea eta babesa ematea» ditu helburu. Ez da protokolo soila izango, plana garatzeko «eskola bat sortzea» baita asmoa. Horrela, herriko zenbait elkarte eta eragilerekin elkarlanean —ikastetxeak, euskara elkartea, Lanbide, kultur elkarteak…— egiten dutena ezagutzera emateko klaseak antolatuko dituzte.
Aniztasuna lau haizeetara
Horretaz gainera, Arriaranek ondo azaldu duenez, «iazko esperientziari jarraituz, aurten ere kultur aniztasuna herrian ezagutzera emateko hainbat ekintza» egingo dituzte. Dagoeneko pentsatuta dituzten ekintzen artean, martxoan «pintxo poteo kultur anitza» egitekoa dago. Herriko zenbait tabernarirekin hitz eginda «munduko gastronomian oinarritutako pintxoak» banatzea da asmoa, beti ere, bertan bizi diren etorkinen laguntzarekin.
Apirileko igande arratsaldeetarako, bestalde, kriket ikastaro bat ere antolatuko dute. «Pakistanen asko jokatzen den kirol bat da, eta bertan bizi den pakistandar bat arituko da irakasle lanetan». Lizeoko berdegunean emango du ikastaroa eta asmoa, aurrera begira ikastaroari jarraipena ematea izango da.
The post Etorkinei herria ezagutzeko eta babesa emateko Harrera Plana landuko dute appeared first on Otamotz.