
Goierriko bederatzi bikote sailkatu dira martxoaren 8an Nafarroa Behereko Heleta herrian jokatuko den Euskal Herriko mus txapelketako finalera. Gipuzkoako kanporaketa larunbat arratsaldean jokatu zuten Orion. Lontxo Artea eta Jose Inazio Arbilla itsasondoarrek txapelketa bikaina jokatu zuten eta Gipuzkoako finalerako sailkatu ziren. Odei Arregi eta Beñat Lopez Tolosako gazteen aurka galdu zuten. Juan Carlos Korta eta Jose Inazio Mendizabal zumarragarrak ere oso ondo aritu ziren. Seigarren postuan sailkatu ziren.
Hauek dira Euskal Herriko finala jokatzeko sailkatu diren eskualdeko gainontzeko bikoteak: Aitor Mellado eta Iban Hernando beasaindarrak, Jon Esnaola eta Mikel Saralegi idiazabaldarrak, Beasaingo Arriaran auzoko Bixente Apalategi eta Jose Arozena, Jabier Arostegi eta Mikel Mazizior olaberriarrak, Aitor Sagarna eta Aitor Oñatibia ormaiztegiarrak eta Koldo Otaegi eta Haritz Irastortza eta Iñaki Collado eta Aitor Azurmendi zegamarrak.