Igartza M.M. kudeatzeko baldintza pleguak argitaratu dituzte
Joan den ostegunean argitaratu zituzten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Beasaingo Igartza Monumentu Multzoaren kudeaketarako baldintza plegu berriak. 2012. Urtean egindako partehartze prozesutik ateratako ondorioei jarraiki, Igartza norantza berrian jarriko dute. “Udal gobernutik kultur politika berri bat egin nahian gabiltza, gehiago irekiko gaituena, herri aktibazioan eta parte hartzean lagunduko gaituena, konplizitate berriak ahalbideratuz”, azaldu dute udaletik.
Horretarako bi urterako baldintza pleguak atera dituzte, ondorengo helburuekin: Batetik, herriko kulturgintza Igartzari begira jartzea, bertan dugun altxorra balioan jarriz, ekintza desberdinak sustatuz, dinamizatuz eta sormena bultzatuz. Bestetik, hezkuntzari begira, unitate didaktikoak egiten ari dira eta hurrengo ikasturteari begira hitzarmenak egin nahi dituzte. Herriko merkataritza eta turismoari begira ere, berezko ezaugarriak bultzatu nahi dituzte jarduera ezberdinak antolatuz eta plan turistikoa eginez.
Igartza zuzenean udaletik kudeatu nahi badute ere, Rajoyren dekretua dela eta, hau ez da posible. Gauzak horrela, lehiaketa ireki bat atera dute hau ahalbideratzeko. Kudeaketa hau, Udala eta esleipendunaren elkarlan zuzenaren bitartez egingo da eta horretarako 2014. urtean duten aurrekontu osoa 145.000€koa da. Honen %55a udalaren kudeaketarako izango da, eta beste %45a esleipendunari emango zaio (55.000€, BEZa aparte).
Herritarrak animatu nahi ditu udalak proiektu honetan inplikatzera eta lehiaketan parte hartzera. Horretarako dokumentazio guztia aurkezteko epea otsailaren 28ra artekoa izango da. Baldintza pleguaren informazio guztia ondorengo loturan dago: http://www.beasain.org/eu/html/5/3195.shtml. Informazio gehiagorako, Garbiñe Zurutuza zinegotziari deitu, telefono zenbaki honetara: 688627254.
