
Enetz Gurrutxagak, hilaren 2an Berio taldearen futbol zelaian hil zen Urtzi Gurrutxaga ormaiztegirraren anaiak, kirol guneetan desfibriladoreak jartzearen aldeko kanpaina jarri du abian. Dagoeneko 20.000 sinadura baino gehiago bildu ditu change.org webgunean eta eskaera Eusko Jaurlaritzari luzatuko dio.
Desfibriladoreek geldialdia izan duen bihotza martxan jartzeko balio dute, eta Gurruxagak uste du halako gailuak kirol instalakuntzetan derrigorrezkoak izan beharko liratekeela. «Oraindik ez dugu auzitegiko medikuaren informerik, baina anaiari gertatutakoaz aparte, gabezia ikusten dugu. Kirol instalakuntza gehienetan ez dago halakorik».
Hirugarren Mailatik gora bakarrik da derrigorrezkoa aparatu hau edukitzea. «Baina kirolari gehienak hortik beherako mailetan aritzen dira. Astero 10.000 gaztek jokatzen dute futbolean. Eta zenbat eta jende gehiago, horrelako zer edo zer gertatzeko arriskua handiagoa da».
Kanpainaren helburua kirol instalakuntza batean inor gehiago ez hiltzea da. «Lehengusu batek change.org orriaren berri eman zidan eta saiatzea erabaki dugu, eta espero baino sinadura gehiago bildu ditugu. Gure helburua oihartzuna lortzea, gogoeta bultzatzea eta presio soziala egitea. Erabakiak, politikarien eta federazioen esku daude».
Merkataritza-gune batzuetan, dagoeneko, desfibriladoreak badituztela gogoratu du. «Etxean lasai-lasai dagoen jendea ere hiltzen da, baina etxe guztietan ezin da halako aparatu bat eduki. Baina jende asko elkartzen den tokietan, derrigorrezkoa izan beharko litzateke», dio Gurrutxagak.
Enetz Gurrutxaga: «Gure helburua oihartzuna lortzea da, gogoeta bultzatzea eta presio soziala egitea»
Amaia Poza: «Desfibriladorea erabiltzeak asko hobetzen du pronostikoa»
Gainera, desfibriladoreak ez direla oso garestiak dio: «Estatu espainiarreko fabrikatzaile bakarra Ermuan dagoela esan didate. Modelo ezberdinak daude, baina merkeenek 800 euro balio dute. Nire ustez, inbertsioak merezi du. Ziur garrantzia gutxiago duten beste gauza askotan gastatzen dela dirua», aipatu du.
Gurrutxagatarrek ez dute oraindik federazioekin edo Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin, baina hauek badute euren eskaeraren berri. «Anaia hil eta berehala idatzi bat argitaratu nuen eta badakit irakurri dutela.
Lekukoa hartzea behar dugu. Gure bidea hemen bukatzen da. Gogoeta bultzatu dugu eta kito. Izan ere, oso gogorra egiten ari zait hau guztia. Komunikabide askok deitu didate eta dagoeneko atseden hartu nahi dut. Gertatutakoa behin eta berriro kontatzea oso gogorra da».
Oraindik ez dute forentsearen informea jaso, baina desfibriladore batek anaiaren bizitza salbatuko zuela uste du. «Anaia partida hasi aurretik gaizki zegoela esan dute, baina ez da hala. Bat-bateko kontua izan zen. Lehen Mailan halakoak gertatu dira eta kasu horietan aparailu hauen garrantziaz hitz egin dute. Dena den, pasatu da eta kito. Gure garaipena bizitza batzuk salbatzea izango da», dio.
Gipuzkoako Futbol Federazioa desfibriladoreak erostea aztertzen ari da. «Ea erosten dituen eta ondoren beste batzuk ere animatzen diren».
Erabiltzeko errazak
Amaia Poza Zumarragako ospitaleko larrialdien zerbitzuko erizain burua da eta jende asko elkartzen den tokietan desfibriladoreak edukitzearen aldekoa da. «Bai kirol instalakuntzetan eta bai merkatal guneetan, makina hauek edukitzea komeni da. Bihotza gelditu ondorengo lehen minutuak oso garrantzitsuak dira eta desfibriladorea erabiltzeak asko hobetzen du pronostikoa».
Aparailu hauek edonork erabil ditzakeela ere badio: «Desfibriladore automatikoak edonork erabil ditzake. Piztu ondoren, aparailuak berak azaltzen du zeintzuk diren eman beharreko pausoak».