Eskoletako sukaldeetan edo komunetan ohikoak diren azuleju zuri laukiak hormetan. Ikasgeletako aulkiak esertzeko. Bi gelatxoak bat egiten dituen leihate bat. Mahaitxo baten gainean lauzpabost mikrofono kokatuta, eta belarrietako entzungailuak. Ataungo Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxean daukaten Otsoa irratia da. Ikasleek herri guztiarentzat bertako kontuak aireratzeko duten txokoa.
Azpiegitura xumea, baina langintza mamitsua bezain historia luzea du egitasmoak. 1985eko irailean egin zuten lehenengo emisioa eskolako irratitik; 30 urte beteko ditu datorren urtean, beraz. Hasieran, irratsaioak ostiraletan 13:00etan 14:15era egiten zituzten. Ikasleek beti, irakasleen laguntzarekin, gelan prestatutako gidoiaren eta edukiaren arabera. «Baina arratsaldeetan eskolara ordu laurden bat lehenao sartzen hasi ginenean, Otsoa Irratiko emisioak 14:00ak aldera bukatzen ziren», dio Jexux Goikoetxea
Goiko irakasleak.

Juan Mari Arzak, aurreko ostegunean, Otsoa irratian./Aimar Maiz
Joan zen astean gonbidatu bereziak izan zituzten irratiko estudioan: Juan Mari Arzak eta Igor Zalakain sukaldariak. Zuzen gidatu zuten bi ikasleek elkarrizketa, eta fin erantzun zizkieten sukaldariek galderak.
Horiez gain, pertsonaia ospetsu asko igaro da irratitik: Goenkaleko aktoreak, Agustin Mujika Takolo pailazoa, Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi bertsolariak, Martin Alustiza pilotaria, Aitor Begiristain…
Jakina, baita herriko jende asko ere: Iban Urdangarin, Jon Ander Albisu, Leturia pandero jotzailea, Iker Sukia, Aitzol Barandiaran, Joxeina Etxeberria, Joxe Munduate, Dioni Galparsoro, Joxerramun Agirre, Fermin Aramendi, Jon Aizpurua… «Joxemiel Barandiaran ere pasatu zen. Ataunekin lotuta daudenak, era batera edo bestera».
Etnografikoki, historikoki eta linguistikoki gordailu oparoa bezain garrantzitsua osatu dute urte hauetan guztietan: «Elkarriketa eta saio denak jasota daude. Euskara aldetik edo esaten dituzten gaietan aberastasun handia dago, izugarrizko balioa».
Hogeita bederatzi urteko ibilian, data batzuk gogoan geratu zaizkie ataundarrei. Bat, 1987ko maiatzaren 9a. Larunbat hartan hamabi orduko irratsaio berezia egin zuten, jarraian. «Saio hori 09:00etan hasi eta 21:00etan bukatu zen. Pertsonaia pila bat ekarri genituen. Besteak beste, irratiaren inaugurazioaren ospakizuna ere egin zen».
Auzolanean muntatua
Eskolako irratiak, martxan jarri zutenetik, irratsaioak herri guztian entzun zitezen ahalegina egin du. Ataunen orografia harantsuak, ordea, arazoak sortu izan dizkie. «Gaur egunean ere, adibidez Aian euntzeko arazoak daude», zehaztu du Goikok.
Eskolako teilatuan dago seinalea bidaltzeko gailua. Lazkaoko Fermin Bergara ibili zen muntatzen. «Kuadrillan teknikari dezente zeuden, eta Santi eta Jesus Etxeberriak ETBn lan egiten duten ataundarrek lagundu ziguten. Pello Arrondo maisuak ere lan asko egin zuen. Joserra Gartzia ere ekarri genuen, noiz emititu-eta aholkatzeko».
Esperientzia nahiko berria zen Euskal Herrian. Bizkaian eskoletako irrati bat edo beste ikusi zituzten, baita Irunen ere.
Ilusioari eta irratiko lanak egiteko grinari, hala ere, ez dio ezerk itzalik egiten. «Eskolan OHOko goi zikloko ikasleak zeuden bitartean eurak izaten ziren irratsaioen arduradunak. Hala eta guztiz ere, beste mailetako ikasleek ere euren irratsaioa entzuleei eskaintzeko aukera izaten zuten. Orduan ere, gaur egun bezala, ikasturte hasieran kurtso osoko egutegia egiten zen irakasleen artean. Denon artean zehazten zen maila bakoitza noiz arduratu behar zen irratsaioa prestatzeaz».

Kontrol gela./Aimar Maiz
Ataungo eskolatik DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egitera herritik kanpora joan behar izan zutenetik, ikasle gazteagoak dira irratiaren gidariak: Lehen Hezkuntzakoak. Bigarren mailatik gorako ikasleek txandaka prestatzen dute irratsaioa, bakoitzak berea.
Ikasle guztiak pasatzen dira
Lehen mailakoak hiru hilabetean behin joaten dira irratira. Haur Hezkuntzako umeek ere hilean behin hitz egiten dute mikrofonoetatik, Txikien txokoa izeneko tartean.
Azkeneko urteotan, Otsoa irratiaren emisioak ostiralero 10:00etatik 11:00etara egiten dituzte. «Eskola ordua denez, irratsaioa ikasle denek entzuten dute euren geletatik. Gurasoek ere entzuten dute, etxetik, eta zuzenean parte hartzen dute, batez ere diskoen eskaintzan eta lehiaketaren tartean. Hain zuzen, bi tarte horiek hasieratik iraun dute.
Irakaslea arduratu ohi da atalak prestatzeaz, bakoitzari dagokionean. «Erreportajeak, elkarrizketak, hizkuntzarekin lotutakoak, txisteak, antzerkiak, olerkiak, asmakizunak, ipuinak…. bakoitza libre da ordubete hori nola osatu behar duen».
Umeentzat irratia «oso aberatsa» da. Hiru urtekoak ere nola joaten diren hitz egitera! Adinik ez dauka honek. Txikitatik ohituta daude, beti ezagutu dute». Eskolako irratia, irrati eskola eta mintzapraktika plaza egokia da.
Ostiraletako irratsaioak grabatu egiten dituzte, eta ondoren ikastetxearen webgunean jartzen dituzte, entzuteko (www.joxemielbarandiaran.com). Beraz, edozeinek entzun ditzake irratsaioak, zaharrak eta berriak.