Bategitek emakume etorkinekin hitzaldia eta afaria antolatu ditu larunbaterako
Emakumeen Nazioarteko Egunean Beasainen egingo diren ekintzen artean, larunbatean, hitzaldia egongo da, gonbidatu bereziekin. Bategite elkarteak antolatuta, Beti Diop senegaldarrak eta Ruth Gonzalez nikaraguarrak emakumeek bizi dituzten egoeren inguruko testigantzak kontatuko dituzte, Lurdes Agirre moderatzailearen laguntzarekin. Hitzaldia Loinazko San Martin plazaren azpiko aterpean egingo dute 20:00etan hasita.
Agirrek gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, “gure arazoez hitz egingo” dute: “Geure gorputzen inguruan dugun erabakitzeko eskubideaz, zaintzaile gisa emakume etorkin askok egiten duten lanaren inguruan, osasungintzako legeen inguruan, inmigrazio legearen inguruan… eta halakoez hitz egingo dugu”.
Gonzalezek gogorarazi nahi izan du “asko” direla “hona etorri beharra” izan dutenak, “seme-alabak eta familiak utzi eta bizimodu duin baten alde lan egitera”. Berak hamasei hilabete daramatza hemen, eta pertsona helduak zaintzen lan egiten du. “Nik osasun zentruetara jotzeko eskubiderik ez dut, eta gaixo nago. Ni osasuntsu ez nagoela kontuan hartu beharko lukete”, azaldu du, “horrek gainerakoei ere ondorioak ekar diezazkielako”.
Bategiteko Pitxu Urretabizkaiak azaldu duenez “Euskal Herri mailan etorkinekin egiten den emakumeen inguruko lehen hitzaldia” da Beasainen larunbatean egoingo den hau, eta datorren urtean ere errepikatzeko asmoa dute, beste herrialde batzuetako hizlariekin, aldatuz joateko.
Hitzaldiaren ostean 21:00ak aldera, afaria egingo dute, leku berean. Zopa, al halal modura prestatutako haragia (arabiar erara prestatuta, odola kendutako haragia, denek jan ahal izan dezaten) patatekin eta barazkiekin, eta postrea afalduko dituzte. 27 herrialdetako 120 emakumek eman dute izena afarirako, eta joan nahi duten denek dute bertaratzeko aukera, Bategiteko kideei esanda.