Haurrei zuzendutako Trebezia lehiaketaren edizio berri bat jokatuko da aurten, martxoko zenbait igandetan. Aurtengoa lehiaketaren hirugarren urtea izango da eta antolatzaileek iragarri dutenez, dagoeneko ireki dute parte hartu nahi duten horientzako izena emateko epea.
Datorren igande honetarako, martxoaren 9rako Ostadar Mendi Taldeak Lazkaotik Etxegarate bitarteko mendi ibilaldia antolatu du. Ibilaldi honetan, Olaberriatik igaroko gara, Ojarbi dorretxearen ondotik igaro eta bisitatuko dugun mendikatean diren gainak ezagutuko ditugu, ESPARRU (727 m), ARANTZAMENDI (782 m) eta ATXURBI (968 m). Gainkate horretatik, Aizkorri eta Aralar nabarmentzen dira, beste hainbat mendiren artean. Jose Migel Iztueta -Lazkao-Txiki- ere gogoratuko dugu egindako ibilaldian, idatzitako dosierrean.
Datorren larunbatean Mila Osinalde organo jotzaileak eta Jon Aramendi tronpeta jotzaileak kontzertua eskainiko dute Zumarragako Jasokundeko Andre Mariaren parrokian, 20:00etan. 2010Ean organoa zaharberritu zuten azkenekoz. Orduz geroztik, Zumarragako Udalaren eta parrokiaren lankidetzari esker hainbat kontzertu antolatu dira. Abenduan egitekoak ziren etziko kontzertua, baina zenbait arazo tarteko bertan behera geratu zen.
Urretxuko Gernikako Arbola plazak feria kutsua hartu zuen atzo arratsaldean. Aspaldiko ohiturak berritzeko asmoz, herrigunea topagune bihurtu zuten bertako eta inguruetako baserritarrek Martxoko Feria Berezian. Aparteko bi azoka egiten dituzte urtean Urretxun: martxokoa eta abendukoa. Datu zehatzik ez dagoen arren, antzinatik datorren ohitura omen da, eta garai batean hilero ospatzen ziren.