Herrien arteko desafioa, crossfit erakustaldia, arte martzialak, estropadak, herri kirolak zein TxikonXtreme Goierriko 7 Orduetan
Iragarri dute dagoeneko Ordiziako Emaneurre taldekoek Goierriko 7 Orduak jaialdiko egitaraua. Sare sozialetan egitasmoaren berri tantaka tantaka eman ondoren, egingo diren proben zerrenda eta parte hartzaileen izenak ezagutarazi dituzte. Martxoaren 22an egingo da Goierriko 7 Orduak Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan, arratsaldeko bostetatik gauerdira arte eta sarrera debalde izango da.
Euskal Herriko Itzuliaren bueltan Ordizian antolatu duten Udaberrian Martxan egitasmoaren baitan antolatutako ekitaldietako bat da Goierriko 7 Orduena.
Donostiako belodromoan ospatzen zen Euskadiko Sei Orduak probaren gisako ekitaldia izango da Emaneurrek antolatu duena; bata bestearen atzetik, proba eta erakustaldi ikusgarriak egingo dira. Ordiziarren eta segurarren arteko desafioarekin emango diote hasiera arratsaldeari, Ordiziatik Usurbera korrika eta handik Ordiziara jetsiera parapentez egingo dute. Euskal Herriko korrikalari onenekin kanporaketa lasterketa egingo da eta crossfit erakustaldia jarraian. Txirrindularien arteko lehian Mikel Astarloza, Ana Usabiaga, Jabier Ruiz de Larrinaga eta Irene Usabiaga txirrindulariak lehiatuko dira. Arte martzialetan proban, Euskal Herria eta Gaztelaren arteko sanda profesionala egingo dute.
Uretatik atera eta ergometroan neurtuko dituzte indarrak arraunlariek. Estropaden proba egingo dute Orio eta Hondarribiaren artekoa gizonezkoek; eta Zumaia eta Orioren artekoa emakumeek. Maider Gaztañagak, Maialen Muñozek, Egoitz Zalakainek eta Aimar Agirresarobek duatloian neurtuko dituzte indarrak. Aimar Irigoien harri jasotzen arituko da; markaren bat hausten ahaleginduko da, gainera, errezildarra. Bertsotan airtuko dira Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia goierritarrak.
Herri kirolek ere izango dute euren tartea Goierriko 7 Orduetan. Sokatiran, berriz, Lagun Onak (Azpeitia), Ibarra, Auzolan (Errenteria) eta Sokarri (Arrigorriaga) taldeak neurtuko dira. Aizkolarien eta trontzalarien arteko dema ere egingo da; Iñaki Azurmendi, eta Unai Iraola eta Jokin Garmendia arituko dira nor baino nor. Alex Txikon mendizalearen TxikonXtreme erakustaldiarekin emango diote amaiera jaialdiari.