Itsasondok 800.000 euroko aurrekontua du 2014rako, iaz baino %8 murritzagoa
Itsasondoko Udalak 800.000 euroko aurrekontua dauka 2014. urteko ekitaldirako. Abenduaren 23an egindako osoko bilkuran onartu zuten zinegotziek diru saila. Iaz baino %8 txikiagoa da.
Inbertsioen atalak jaitsiera izango du aurten, eta horrek eragin du diru kopuru orokorrean ere beherakada. Inbertsio gutxiago egitea aurreikusi du Itsasondoko Udalak, eta ondorioz diru laguntza horiei dagokien sarrerak ere gutxiago izango dira.
Aurreikusitako obra garrantzitsuenak bi eremutakoak dira. Batetik, herri gunean urbanizazio lanak egingo ditu udalak. Tokigoxo aldeko obrak bukatuko dituzte, eta bestetik, Itsasondo-Ordizia bidegorri zatia eraikitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo duen obra baliatuko dute Kale Nagusian ere urbanizazioa berritzeko, 7 ataritik 13ra bitartera.
Diru izendapenak sailez sail
Inbertsioen atalean, bigarren ekinbide garrantzitsuena ingurune naturala balioan jartzeko 2013-2015 urte arteko egitasmora bideratuko du udalak. Landa eremuaren kontserbazio lanen proiektuak garatzen jarraituko dute.
Obra eta inbertsioen atalak guztira 165.152 euroko diru funtsa izango du 2014rako. Mantenimendu lanetarako beste horrenbeste bideratu dute: 168.111 euro.
Gainontzean, udal langileen pertsonal ordainkizunek (219.400 euro) hartuko dute gastuen arloko irteera handiena. Gizarte sailerako 41.555 euro jarri ditu udalak aurrekontuan; kultura eta hezkuntzarako 76.954 euro; euskararentzat 7.400; erakundeentzat 78.078 euro, eta informatika berrikuntzak 27.000 eurorekin hornituko ditu.