Ordizia-Itsasondo bidegorri zatia eraikitzen maiatzean hasteko asmoa du Foru Aldundiak
Itsasondo eta Ordizia artean bidegorria eraikitzeko tramitazio-prozesua abiarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eraikitzailea aukeratzeko esleipen deialdia egin du. Obrak maiatz aldera hastea da asmoa, eta zazpi hilabete eta erdian bukatzeko epea dago.
Ordiziako San Joan ermitaren parean hasiko da bidegorri zati berria, eta Itsasondo zeharkatuko du. Guztira 1.230 metro luze eta lau metro zabal izango da. Behin bukatutakoan, lotura edukiko du alde batetik Ordiziako udal bidegorriarekin, eta bestetik Itsasondo-Legorretakoarekin. Hasierako proiektuak ez zuen bat egiten Legorretaranzko zatiarekin, udaletxe parean bukatzen zelako.
Ordizia aldean, lehen 490 metroetan Gi-4761 errepidearen eskuinaldean kokatuko dute. %3 eta 4ko malda edukiko du toki horretan. Ondoren, Gi-2131 errepideko bidegurutzetik Itsasondoko udaletxe pareraino luzatuko da, ezker aldetik (540 metro). Bidea zebrabide batetik gurutzatuko du. Espaloia bere horretan utziko dute, eta errepiderantz zabalduko dute bidegorria.
Azken zatian, Gi-2131 errepidearen eskuin aldetik joango da bidegorria, beste 200 metroan.
2,4 milioiko inbertsioa
Gipuzkoako aldundiak 2.443.900 euroan finkatu du lizitazio prezioa (BEZa barne). Proiektua moldatuta, 200 metro gehiago luzatu dute bidegorria jatorrizkotik, eta lurpeko pasabidea kendu dute. 600.000 euro merketu da hala.