Zortzi langile kontratatuko ditu Ordiziako Udalak Enplegu Planaren bitartez
Kaleko lanetarako bina peoi eta ofizial, lorezain peoi bat, udal inbentarioa eguneratzeari jarraipena egiteko delineatzaile bat, eta gizarte eta administrazio lanetarako bi. Horiek izango dira aurtengo Ordiziako Udalaren Enplegu Planaren deialdian sortuko diren lanpostuak. Izen-emate epea irekita dago dagoeneko; martxoaren 17ra arte. Lanbide nahiz Udal Arreta Bulegoan eman ahalko da izena; apirilaren 28an egingo dituzte kontratazioak.
Lehen sei lanpostuak jardunaldi osokoak izango dira eta sei hilabeteko iraupena izango dute; azken biak lanaldi erdikoak izango dira, baina kontratua urtebeterako izango da.
Kaleko peoi eta lorezain lanetarako lanpostuen deialdia familia-kargak dituzten langabe helduen egoera aintzat hartuta egin du udalak. Administraritza lanetarako hiru lanpostuak, berriz, 30 urtez azpiko gazteak lan munduan txertatu eta lan eskarmentua hartzeko helburuarekin sortu dira.
Beste hainbat baldintzen artean dago langabezian egotea zein deialdia egin eta sei hilabete lehenagotik Ordizian erroldatua egotea.
Udala programa hau garatzeko elkarlanean ari da Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin; aurten lanpostu gehiago sortuko dituztela aurreikusten dute. Iazko enplegu planean hamar langile kontratatu zituen udalak, sei kaleko lanetarako eta lau administraziorako.