12 hilabete, 12 produktu
Ordiziako feriaren dinamizazioaz arduratzen den D’elikatuz zentroak, garaian garaiko produktuak ezagutarazteko proiektu berri bat jarri du martxan: 12 hilabete, 12 produktu goiburupean. Hilabetero, garaiko produktu bat aukeratu eta hura sustatuko dute. Horretarako, azokako asteroko saltzaile bati gune berezi bat egokituko diote, plazan ere toki eta protagonismo berezia eskainiz.
Martxoarekin batera heldu diote egitasmo horri, eta atzokoa izan zen aurreneko saioa. Hasteko, Jose Luis Amatrainen txanda izan zen; astero jarri ohi duen postuaz gain, plaza barnean okasiorako propio ekarritako orburuak zituen salgai, ohikoak ez ezik, orburu mota bereziak ere bai. Gehienak dozenako 3,50 euroan salgai. Produktuaren ezaugarrien berri ematen duen panel informatiboa ere izango da aldioro. «Horraz gain, hilabeteko azken asteazkenean produktu horri lotutako erakustaldi gastronomikoa egingo da». Horren zain geratuko gara, beraz; arrazoi bat gehiago azokara etortzeko!
Eguzkiaren zain
Martxoa ere bustitik hasi da, eta eguraldi hobearen iragarpena itxaropentsu entzun dute baserritarrek, beharra handia da eta. «Baratzera ez dago sartu ere egiterik, putzua eta lokatza besterik ez dago, porruak ere usteltzen hasiak dira».Bestelakorik ere entzun diogu Edurne Jauregiri: «azaloreei aldiz sekula baino buru handiagoa egiten ari zaiela esango nuke».
Martxoan egin ohi diren lanei ekiteko eguraldiak du azken hitza eta horren zain, ereiteko patata esate baterako, lurra puntuan eta orain baino beroago komeni dela aipatzen zigun Jabier Lacalle aguraindarrak. Beraz itxoitea aholkatzen du.
Bestalde, tren geltokitik gora urte hasieratik jarri ohi diren saltzaileek, arbola landareak erosteko azken asteak direla gogorarazi dute. San Jose inguru hori izaten da muga, beraz, gehienez hiruzpalau astez etorriko dira.
- Aste honetako prezioak