Lazkaon ikurrinak jarri ditu udalak sarrera guztietan eta plazan
Lazkaoko Udalak lau ikurrina-masta handi kokatu ditu, udalerriko beste horrenbeste tokitan. Plazaren erdian, Lazkaomendi gainean eta Senperen herenegun zutitu zituzten, eta San Prudentzio auzoan atzo. Kanpandegiko biribilgunean jartzea geratzen da orain, baina hori hango obrak bukatutakoan jarriko dute.
Espainiako bandera jartzeko agindua iazko azaroan bete beharrekotzat egin ondoren, udalak ikurrinaren aldeko mozioa onartu zuen, urriaren 31ko batzarrean. Han erabaki zuen Lazkaoko sarrera guztietan eta erdian ikurrina bana jartzea.
Hamar metro altuko mastak kokatu dituzte lau lekuetan. Kale-argien zutoinak dira, grisez margotuta. Bakoitzetik zintzilik, neurri handiko ikurrina bana.
Lazkaorako errepideko sarrera guztietan dago, hala, ikurrina bana. Senpereko biribilgunearen ertzekoak Beasain eta Ordizia aldetik datozenei egiten die harrera; Lazkaomendikoak Zaldibiako sarrerari, San Prudentzio auzokoak Olaberrikoari, eta Kanpandegikoa —jartzen dutenean— Ataungoari.
Plazako ikurrinaren kokagunea aldatu egin du udalak, metro batzuk mugituta. Udaletxearen parean jarri dute, plazaren erdian, lehen zegoen farola bat kendu eta haren zuloan. Azaroaren 16an, euskal ikurrari omenaldia egin ondoren, udal hautetsiek goratu zuten ikurrina, San Joan bezperan tantaia igotzen duten lekuan, kultur etxearen ertzean.
Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkaritzak azaroaren 16ra arteko epea eman zion Lazkaoko Udalari, espainiar bandera jartzeko. Egun hartan zintzilikatu zuen, baita Lazkaon bizi diren herritarren gainontzeko 41 jatorri nazioetako banderak ere.