Legazpin hasiko da aurten lehen aldiz Gabiri-Legazpi rallya
Igandean emango diote hasiera Legazpin Euskadiko rallysprint denboraldiari. Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketetarako puntuagarria izango den Legazpi-Gabiria Rallya jokatuko da, aurten lehenengo aldiz Legazpin hasita. Hamaseigarren aldia beteko du probak, eta Maykel del Cid lasterketako zuzendariak aurkezpenean esan duenez, «gauza asko aldatu dira lehenengo aldi hartatik».
Aurtengo aldaketa nabarmenena, izenaz gainera, proba lehenengo aldiz «Legazpitik Gabiriarako norabidean» egingo dela da. Legazpiko Udalaren eta proba antolatzen duen Lagun Artea elkartearen arteko lankidetzaren emaitza izan da aldaketa.
Hala, Legazpiko Euskal Herria plaza izango da, «hamabost urtez Gabiriako Korta Erretegian egin ondoren», egiaztatze administratibo eta teknikoak egiteko gunea, 10:00etatik aurrera. Arratsaldean, «14:00etan aterako da lehenengo autoa parke itxitik, asistentziako azken ukituak eman eta gurpil egokiak jartzeko». Gero, «15:00etan aterako da lasterketako lehendabiziko kotxea». Lasterketa amaitutakoan sari banaketa ekitaldia ere Legazpin egingo dute aurten, lehen aldiz.
Arazoak errepidearekin
Azken unera arte arazoak izan dira ibilbidearekin, Ormaiztegi eta Legazpi batzen dituen Gi-3540 errepideko zati bat erorita egon baita. Del Cid-ek jakinarazi duenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiak gogor lan egin du lasterketarako errepideak baldintza egokiak» izan ditzan.
Kepa Urtzelai Legazpiko alkatea gustura dago proba Legazpin egingo delako, «Euskal Herri mailan herriaren izena zabaltzeko» balioko duela baitu. Pozik agertu da baita, Anjel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko lehendakaria ere. Ia 60 bat pilotuk hartuko dute parte proban, eta esan duenez, «gaur egun dagoen egoerarekin pozik egoteko moduko kopurua» da. Faboritoen artean daude aurten, «David Ardions iazko irabazlea, Gorka Eizmendi, Jon Davo eta Iban Tarsicio, batzuk aipatzearren.
Gidari goierritarrak ere bai
Gidarien artean izango dira goierritarrak ere. Iñigo Izuzkitza mutiloarra, Mikel eta Joseba Berastegi zegamarrak, Eñaut Igartzabal gabiriarra, Xabi Garmendia lazkaotarra, Urretxuko Egoitz eta Xabier Mujika anaiak eta Xiker Aiertza, Zumarragako Joanes eta Asier Uria edo Jon Etxeberria legazpiarra, besteak beste.
Etxeberria Legazpi-Gabiria «lasterketa polita» dela uste du, gune mitiko ugari dituena. Lasterketa bera «azkarra baino teknikoagoa» dela uste du, biribilgune asko dituen ibilbidea delako. Kotxearekin gehienezko abiadura «Korta jatetxera iritsi baino lehen, M ezaguna dagoen lekuan hartu daiteke, 140-150 kilometroko orduko inguru», zehaztu du.
Amaitzeko, zaletuei leku seguruetan jartzeko gomendioa luzatu diete antolakuntzatik, baita sortutako hondakinak jasotzea ere. Pilotuek lortutako denborak zuzenean jarraitu ahal izango dira fotomotor.es-en edo Euskadi Irratian.