Goma-erre eta gasolina usainak jendetza erakarri du Ordiziara
Udaberrian Martxan egitaraua egundoko harrera onarekin hasi da, Ordizian, ikusle aldetik. Motor ikuskizun apartekoa izan da gaur arratsaldean Ordiziako kaleetan. Kale-zirkuitua itxi dute Kale Nagusian, Gudarien Etorbidean eta Etxezarreta kalean, eta kirol autoak zein motoak atera dituzte pilotuek. Rallyetako autoak, carcross auto-krosetako ibilgailu arinak, supermotard moto bizkorrak eta kart-ak izan dira, eta ikuskizuna eman dute.
Jendez gainezka garatu da motor erakustaldia. Rally gidarien artean, Gorka Eizmendik Subaru Impreza bat erabili du, 400 zaldi potentziakoa, Andoni Aierbe amezketarraren Seat Leon-arekin (245 ZP) buruz buruko deman. Binaka jardun dira, modalitate horretan: Joseba Iraola (Silver Car Serie batekin), Joseba Santxo (Citroen Saxo), Haritz Elgarresta (Peugeot 206 RC) eta Iñaki Sasarola (Citroen Saxo) pilotuek ere parte hartu dute.
Carcrossen artean, Aitor Elizondok eta Eneko Elizondok gidatu dute. Aitorri ibilgailua balaztetatik hondatu egin zaio bira batean, eta utzi egin du. Supermotard-ek ere berealdiko ikuskizuna eman dute, batik bat Gudarien Etorbideko zuzenguneetan abiada handiak hartuz. Andoitz Bonilla gidari beasaindarra aritu da, tartean.
Kart-en artean, zilindrada askotako ibilgailuak atera dituzte. Ibon Arregi beasaindarrak ere parte hartu du.
Sagardo dastaketa ere egin dute, iluntzean, Ordizian.