Edukiontzi grisaren alde «bi mila sinaduratik gora» bildu ditu plataformak
Legazpin edukiontzi grisaren aldeko sinadura bilketa hasi zenetik, «bi mila sinaduratik gora» bildu dituela jakinarazi du Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataformak. Kanpainak bi asteburu daramatza indarrean eta «10 ordutan bi mila pertsonatik gora hondakin guztiak edukiontzi bidezko sistema baten bitartez jasotzearen alde» agertu direla esan dute plataformako kideek.
Herrian sistema mistoa proban dagoen hilabete hauetan zehar, edukiontzi bidezko bilketa «atez atekoa bezain eraginkorra» dela baieztatu dute plataformatik, baita «sei aldiz merkeagoa» ere. Ondorioz, edukiontzi sistemaren «eraginkortasuna eta efizientzia ziurtatuta» gelditu direla azpimarratu dute.
Kanpainak jarraituko du
Sinadura bilketa kanpainak «oposizioko alderdi guztien babesa» duela gogorarazi dute plataformatik, eta momentuz, «hasi baino ez dela egin» ohartarazi dute. Hala, datozen asteetan ere sinadurak biltzen jarraituko dutela iragarri dute «ostiral eta larunbat guztietan ohiko leku eta ordutegian».
Amaitzeko, kaleratu berri den Kontsejutik udal aldizkarian argitaratu den albiste bati erreferentzia egin diote. Sortutako hondakinak nora bideratzen diren azaltzen hasita, «pixoihalak eta errefusa Sasietako zabortegian lurperatzen» direla azaltzen da. Ondorioz, errefusa ere zergatik ez dieten edukiontzi grisera botatzen galdetu dio beste behin plataformak udal gobernuari.