Larunbat honetan egingo da Ordizian Goierriko 7 Orduak kirol-kultur ekitaldia
Lehen datuak ematen hasi zirenetik eguna gerturatu ahala hedabideetan gero eta ohiartzun handiago hartzen joan den Goierriko 7 Orduak jaialdia. Larunbat arratsaldeko 17:00etan emango diote hasiera Emaneurre taldeak eta Ordiziako Udalak antolatu duten ekitaldiari Beti-Alai pilotalekuan eta gauerdira arte luzatuko da.
Datorren apirilaren 7an Ordiziatik abiatuko den Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia girotu asmoz sortu duten Udaberrian Martxan programaren baitan antolatu dute Goierriko 7 Orduak ekitaldia. Kultur arloko hainbat emanaldi tartekatuko dituzte kirol probekin.
Joan den astean egin zuten ekitaldiaren aurkezpena Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Igor Eguren alkateak adierazi zuenez “toki nabarmena” du Goierriko 7 Orduak jaialdiak Udaberrian Martxan programaren barruan. “Zazpi orduz jarraian hainbat kirol diziplinarekin gozatzeko aukera izango da Ordizian, eta jende askoren ahaleginari, eta laguntza eskaini diguten enpresa, entitate eta elkarteei esker, uste dut ikuskizun polita izango dela”, esan zuen Egurenek.
Emaneurre taldeko Egoitz Iztueta eta Gorka Argaizek azaldu zutenez “orain dela gutxi arte Donostiako Belodromoan egiten zen Euskadiko 6 Orduen eredua hartu, eta gure baliabideak aintzat hartuta, antzeko formatua izango duen ekitaldia izango da Goierriko 7 Orduak”.
Korrika eta parapente desafioa, atletismo proba, kross-fit erakustaldia, txirrindulari arteko lehia bizikleta estatikoan, arraun taldeen artekoa ergometroan, harrijasotzea, duatloia, bertsolariak, dantzariak, joaldunak… asko dira larunbatean Ordizian ikusi ahal izango diren kirol eta kultur ekitaldiak. Egunari amaiera emateko berriz, Santurtziko Flow Balance taldearen eskutik, funanbulismo ikuskizuna egingo da, eta Alex Txikon mendizaleak Txikon Xtreme erakustaldi bat egingo du. “Lan handia eskatu du hau dena antolatzeak, baina uste dugu ahaleginak merezi izan duela eta kartel txukun bat osatu dugula”, zioten antolatzaileek.
Sarrera debalde izango da, eta taberna zerbitzua ere egongo da pilotalekuan bertan. Emaneurrek bideo bat ere proiektatuko du, eta ESAITen materiala eskuratzeko aukera ere izango da. “Jendeari hilaren 22an Ordiziara inguruatzeko deia egin nahi diogu, ikuskizuna ziurtatuta egongo baita”, nabarmendu zuten.