Lau pertsona atxilotu dituzte Legorretan, lapurtutako 300 kilo kobrerekin
Ertzaintzak 21 eta 24 urte bitarteko lau pertsona atxilotu zituen, atzo goizean, Legorretan. Indarrez lapurreta egitea egotzi diete, herriko enpresa batean lapurtutako 300 kilo kobre zeramatzatelako auto batean.
Ustezko lapurrak atxilotzeko bidea herritar baten ohartarazpenak eman zuen, goizeko zortziak eta erdietan. Gi-2131 errepidean, Legorretan, ibilgailu bati kobrezko bobina bat erori zitzaiola eta bide bazterrean geratuta zegoela abisu eman zuen herritar batek. Autoan zihoazenak geratu, jaitsi, eta azkar batean jaso zutela materiala jakinarazi zuen.
Handik minutu gutxira, Ertzaintzaren patruila batek Aldaola auzoan ikusi zuen auto hura, Peugeot 306 familiar bat. Bidaiari bakarra zegoen autoan. Inguruko baso-bide batetik BMW auto bat irten eta «ihesari» eman zion, ertzainen arabera. Gerarazi egin zuten hiru bidaiarekin zihoan auto hori ere. Atzeko eserlekuetan eta maletategian 300 kilo kobre-hari zeramatzaten.
Lau pertsonak atxilotu egin zituzten, indarrezko lapurreta delitua leporatuta. Kobrezko haria Legorretako enpresa batetik goizaldean lapurtutakoa zen. Segurtasun Sailak esan duenez, kobrea lantegi barruan kamioi batean kargatuta zegoen. Ustezko lapurrak hesiaren gainetik jauzi eginda sartu ziren.
Lau atxilotuetatik hiruk jabetzaren aurkako delituen aurrekariak dituzte lehendik ere.