Auzoetatik herrigunera jaisteko autobus zerbitzua jarri dute Beasainen
Duela hilabete batzuk, Beasaingo Udalak landa eremuko auzotarrekin partehartze prozesu bat jarri zuen martxan, auzo ezberdinetako kideek auzoetan zituzten beharrak ezagutzeko. Bilera haietan ateratako ondorioekin hainbat egitasmo jarri ditu martxan udalak; horien artean, landa eremuko auzoak eta herrigunea uztartzeko autobus bat jarri dute martxan.
Udalak auzoetan egin zituen bilera gehienetan eskatu zuten auzotarrek horrelako zerbitzu bat: «Auzo gehienetan dago jende heldua eta seme-alabekin edo bizilagunekin herrigunera jaisten ohituta bazeuden ere, horrelako zerbitzu bat ondo etorriko litzaiekela uste zuten gehienek», dio Mari Mar Zelaia udal zinegotziak. «Astigarretan ere jende gazte berria dago eta auzoa biziberritzen ari dira. Haiek ere autobus zerbitzuaren beharra azpimarratu zuten», azaldu du.
Martxoaren 4tik dago martxan auzoetako autobusa, eta sei hilabeteko proba egiten ari dira lehenengo, nola funtzionatzen duen ikusteko. Zerbitzua erabat doakoa da, eta honako gune edota auzoetan egiten ditu geldialdiak: Beasaingo tren geltokian, Salbatoren, Arriaranen, Garinen, Astigarretan eta Mandubin.
Autobusa astean bitan ibiltzen da: astearteetan eta ostiraletan. Zelaiak azaldu duenez «badu zentzua» horrek: «Erosketak egiteko erraztasunak izan ditzaten da, besteak beste. Astearteetan azoka egoten da herrigunean eta ostirala, jaiegunen bezpera delako». Bi egunen artean, gainera, egun kantitate beretsua gelditzen da, autobusdun bi egunak jarraian tokatu gabe.
Zerbitzua goizez bi aldiz emango da: joateko eta itzultzeko. Norbaitek anbulategira joan nahi badu ere, joaten da.
Herritar guztien erabilerarako
Zelaiak azpimarratu nahi izan du «autobus zerbitzu hau auzoetako herritarrez gain, herrigunean bizi direnek ere autobusa erabil» dezaketela. «Oso aukera aproposa eskaintzen du, mendira joan nahi dutenentzat, bueltatxo bat eman nahi dutenentzat… Beti bidegorrian ibili ordez, ingurune ezberdin batean paseatzeko aukera eskainiko du», dio.