Gure Esku Dago egitasmoari atxikimendua azalduz, mosaikoa egingo dute larunbatean Ordizian
Erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta martxan den Gure Esku Dago egitasmoarekin bat eginez hainbat ekintza antolatu dituzte Ordizian datozen egunetarako. Hain justu ere, ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katearen atarian herriz herri ugari dira egiten ari diren ekintzak. Giza katearekin Gure Esku Dago egitasmoekoek “gu geu gure etorkizunaren protagonista” bilakatzea du helburu; “ilusioa zabalduz eta sentsibilitate ezberdineko norbanakoak elkarrekin aurrera egiteko dugun premia adieraziz”.
Atzo, herriko gizarte eragile, kultur zein kirol arloko hainbat bizilagunen babesarekin, prentsaurrekoa egin zuten Ordizian egitasmoen berri emateko. Hala, larunbat honetan eguerdiko 12:00etan Barrenako parkean mosaikoa egingo dela iragarri zuten. Era berean, apirilaren 4rako jaialdia antolatu dute Plaza Nagusian. Iluntzeko zortzietan hasiko da ekitaldia eta musika emanaldirik, dantzaririk, bertsolaririk, haurrentzako jokorik zein pintxorik ez da falta izango. “Une alaia pasa nahi duzuen guztion gonbidatuta zaudete”, azaldu zuten.
Horrez gain, herritarrek ekainaren 8ko giza katean izena eman dezaten eta metroa erosteko mahaiak jarriko dituzte larunbatean 19:00etan eta igandean 12:00etan.