Hezitako txakurrekin, birziklapenaren garrantzia landu dute Beasainen
Tximeleta azala bezala ezagutzen den gaixotasuna duen Markel Lopez mutil zumarragarrak, txakur bat du bere egunerokoan laguntzeko: Antxoa. Antxoa bezala, Arri, Kale eta Gina, gaixotasunak dituzten pertsonei laguntzeko trebatuta dauden txakurrak dira. Aurrera Atera enpresako kideek hezten dituzte txakurrak, eta tartean Markel Lopezen ama dago: Saioa Arrizabalaga.
Gaur goizean, Beasaingo Alkartasuna Lizeoko haurrei erakutsi dizkiete euren trebetasunak Arrik, Kalek eta Ginak, eta bide batez, txakurrek ere nola birziklatzen duten ikusteko aukera izan dute haurrek. Txakurren erakustaldian, ikastetxeko haurrek ere lagundu diete txakurrei, hondakin bakoitza zein ontzitan bota erakutsiz.
Arrizabalagak eskerrak eman dizkie haurrei, bere seme Markelentzat tapoiak biltzeagatik. Honela azaldu die tapoiak zertarako erabiltzen diren: “Tapoiek beren eginkizuna betetzen dute”. “Zuek biltzen dituzuen tapoiak Sasietara eramaten ditugu eta hauek birziklatzera bidaltzen dituzte. Tapoi hauek birziklatzeagatik dirua ematen digute, tona bakoitzeko 200 euro inguru, eta diru hori Markelen beharretarako erabiltzen dugu. Osptitaletara Bartzelonara eta Madrilera egin behar izaten dituen bidaietarako, botiketarako…”.
Ikasleek primeran pasa dute txakurrek nola birziklatzen duten ikusiz, eta Markelentzat tapoiak biltzeak duen garrantziaz jabetu dira. Hona hemen erakustaldiko irudi batzuk: