Itsasoarrek auzolan eguna antolatu dute larunbaterako
Itsasoarrek hainbat txoko txukunduko dituzte auzolanean, larunbat honetan. 15:00etan elkartuko dira. Gainera, aurten auzolana indartzeko ahalegina egin behar dute.
Larunbatean hiru lan egingo dituzte. Hasteko, iturria eta harrikoa egiteko tokia txukunduko dituzte. Landareak sartu eta urak ongi bideratuko dituzte, besteak beste.
Gainera, bere garaian kendu zuten erretaula zatia bere tokian jarriko dute eta elizara eta hilerrira doazen eskaileretako burdinazko eskulekuak margotuko dituzte.
Ondoren, taloak egin eta festa giroan jango dituzte. Topaketa, orain arte egindako auzolanen txostena osatzeko eta etorkizunekoak zehazteko ere baliatuko dute.
Belaunaldi guztietako jendea elkartuko da eta Gabon kantuko taldeak jasotako dirua erabiliko dute materiala eta merienda ordaintzeko. Izan ere, talde honen helburua herritik jasotakoa herriari itzultzea da.
Itsasoarrek urte asko daramatzate auzolan egunak antolatzen. Lan batzuk urtero egiten dituzte eta derrigorrezkoak dira (bideak garbitu eta batzordeetan parte hartzea, adibidez) eta beste batzuk borondatezkoak dira. Hauetan ere bizilagun askok parte hartu dute. Kizkitzako ermita eta kanpoko mahaiak hala txukundu zituzten.
Aurten auzolana indartu nahi dute eta, horretarako, azken hamarkadetan egin dituzten auzolanak txosten batean jaso behar dituzte eta urtean hiru auzolan egun egitea erabaki dute. Beste biak festen inguruan eta udazkenean egingo dituzte.